INFO

Informatika fakultatean aldarri garbia: Programa dezagun mundua morez

2014an hasi zen E-makumeak taldea GAUR8n ekarpenak egiten. 2020-2021 urteetako bilduma banatu dute gaur Informatikako fakultatean mezu garbi bat helarazteko: informatika munduko arazo errealei erantzun errealak emateko ari da lanean eta emakumeen kontua ere bada.

E-makumeak taldeko kideak Informatikako fakultatean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Donostiako Informatika Fakultateko E-makumeak taldeak 2014az geroztik kolaboratzen du GAUR8n. Hilero-hilero Informatika Fakultateko irakasle eta ikertzaileek gai interesgarriak ekartzen dizkigute astekarira, begirada zorrotzez, pedagogikoz eta gaurkotasunari pegatuta.

Elkarlana abiatu zenetik, dagoeneko ehunetik gora artikulu osatu dituzte eta aldian-aldian bilduma berezietan paratzen ditugu, egindako lanak ikusgarritasuna hartzen baitu ekarpen guztiak elkarren ondoan ale bakarrean jarrita. Aurten josi dugu bildumetan laugarrena, 2020. eta 2021. urteetako ekarpenen sorta. Guztira 26 artikulu dira, guztiak emakume informatikariek sinatuak, eta askotariko gaiei punta ateratzen dietenak.

Egileek nabarmendu dutenez, 2020koek galdera hauen inguruan hausnartzeko balio dezakete: Nola lagun diezaioke teknologiak garapen iraunkorrari? Internetek eta adimen artifizialak energia kontsumo handia dute? Zer diferentzia dago errealitate birtualaren, areagotuaren edo mistoaren artean? Sare elektriko adimendunek energia berriztagarrien garapenean lagun dezakete? Nahikoa da pasahitz sendo bat aukeratzea gure kontu digitalak seguru edukitzeko? Zer da genero arrakala digitala? Entzumen urritasuna dutenen zeinu hizkuntza interpretatzen lagun dezake teknologiak? Superkonputagailuak behar dira adimen artifizialarekin lan egiteko? Nola lagundu dezake ikasketa automatikoak pandemiaren kudeaketan? Fida gaitezke sare sozialetan aurkitzen dugun informazioaz? Nola egiten dute lan software ingeniaritzan ari diren informatikariek? Aplikazio informatikoek udalerri seguruagoak eraikitzen lagun dezakete?

2021ekoek, aldiz, honakoen inguruan hausnartzeko: Zer egin dezaket euskarak tokia izan dezan adimen artifizialaren munduan? Interneteko informazioa egiazkoa edo fake news den jakin daiteke hizkuntza modu automatikoan prozesatuz? Errealitate birtuala erabil daiteke antsietatea, fobiak edo maite dugunaren heriotzak eragindako atsekabea tratatzeko? Zer egin hizkuntza txikiek ingurune digitalean iraun dezaten? Hizkuntzaren azterketarako Europak zer ikerketa azpiegitura digital eskaintzen du? Badago gure artean esparru digitalean ekarpena egiten duen emakume gazterik? Emozioak automatikoki detektatzen dituzten gailuak existitzen dira? Kriptotxanponek aldaketa klimatikoan eragiten dute? Nola diseina daitezke tresna eta zerbitzu teknologikoak pertsona gehienek (haien adina edo desgaitasuna edozein izanda) erraz erabil ditzaten? Dendetako erosketa tiketak laster faktura elektronikoa izango dira? Zer baliabide daude eskura informatikaren hainbat oinarri ikasteko? Nola laguntzen du adimen artifizialak minbizia tratatzeko sortu diren erradioterapia teknika berrietan? Testuen tratamendu automatikotik, posible da idazlearen sentimenduei buruzko informazioa lortzea?

Martxoaren 8a ospatzeko

Artikuluen bildumak Martxoaren 8aren bueltan osatuak izaten dira eta aurten ere halaxe izango da, egun hori baliatuko baitute ale berezia fakultatean banatzeko. Aurten begirada zabaldu eta institutuetara begira ere jarri dira, horietan lantzeko oso material egokia delakoan.

Ana Zelaia Jauregi taldeko kideak azaldu duenez, «oso material interesgarria iruditzen zaigu gaztetxoekin hausnarketa txikiak abiatzeko; institutu mailan, DBHn, Lanbide Heziketan... Artikulu hauetan ez da bakarrik teknologiari buruz hitz egiten, teknologia horrek hainbat arlotan zer eragin sortzen duen ere lantzen da. Artikuluek aukera ematen dute hausnartzeko, emakumeak arlo horretan lanean ikusteko eta informatika zer den ikusteko; zenbat arlo desberdinetan aritzeko aukera ematen duen bistaratzeko».

E-makumeak taldea kezka batetik sortu zen 2000. urtean. «Informatikariari buruz sortu den estereotipoarekin kezkatuta gaude. Horrek guri kalte handia eragiten digu, urte asko daramagulako Informatikan emakumeen kopurua nahiko txikia dela. Ingeniaritza askorekin gertatzen den zerbait da. Horregatik sortu zen gure taldea. 2000. urtean hasi ginen aztertzen ea zer gertatzen ari zen. Aurreko belaunaldikoak gara gu eta guk Informatika ikasi genuenean askoz orekatuagoa zegoen kontua. Gure garaian erdi eta erdi ginen neskak eta mutilak. Joera hori Europa mailakoa da, orokorrean ari da jaisten Informatika ikasten duten emakumeen kopurua».

Beheranzko joera horren atzean arrazoi ugari dauden arren, E-makumeak taldekoek garbi daukate azken urteotan komunikabideetan eta iruditegi kolektiboan marraztu den informatikariaren estereotipoak pisua duela. «Garai batean agian ez zen hain bistakoa komunikabideetan eta gizartean oro har informatikariaren figura, agian ez geneukan buruan sartuta estereotipo bat. Azken urteotan asko zabaldu da informatikariaren estereotipo jakina; pertsona ‘friki’ bat, askotan ‘hackerra’, ordenagailu bati pegatuta bizi dena, sozialki oso trebea ez dena eta gizona».

2020-2021eko artikuluen bildumako sarreran E-makumeak taldekoek garbi esaten dute: «Komunikabideetan, oro har, informatikari buruz ematen den irudia ez dator bat informatikarien jardunarekin. Zokoren batean teklatuari itsatsita eta inolako kontaktu sozialik gabe zeregin ilunen batean ari diren gizonezkoak ageri dira gehienetan. Bai, gizonezkoak... Baina emakume informatikariak ere bagaude, eta informatika erabiltzen dugu gizartean sortzen diren erronkei aurre egiteko. Bada garaia estereotipoak gainditzeko. Informatikariaren jarduna ez da iluna, ez du zulo batean lan egiten eta ez da derrigorrez gizonezkoa. Ale honek lagun dezake ikusarazten Informatika eta Teknologia nesken kontua ere badela».

Informatika munduan sortzen diren arazo eta gatazka errealetan ari dira lanean eta hori ere erakutsi nahi dute E-makumeak taldekoek, «gure lana normala da, munduaren arazoei begira gaude. Informatikak aplikazio asko dauzka eta talde lanean aritzen gara askotan. Diziplina askorekin elkartzen da informatika, horiekin aritzen da elkarlanean. Garrantzitsua iruditzen zaigu Informatika benetan zer den azaltzea gaztetxoei eta emakumeak ere horretan ari garela erakustea».

Bilduma guztiak, hemen: www.ehu.eus/ehusfera/e-makumeak/gaur8koak