INFO

M8a gazteen ikuspegitik: feminismoak beharrezko duen egunaren izaera erradikala

Mugimendu feminista prest da gaur, beste behin, kalea hartzeko. Zaintzak erdigunea hartuko du M8ko aldarrikapenetan eta mugimenduaren erradikaltasuna berretsi nahi da: feminismoa ez dagoela salgai gogorarazi dute Euskal Herriko Neska* Gazteek.

Nafarroako neska gazteen topaketak, Atarrabian. (Iñigo Uriz | Foku)

Koronabirusaren pandemiak zelatan jarraitzen duen arren, murrizketarik gabe dator 2022ko Martxoaren 8a eta, azken urteetako joera errepikatzen bada, milaka eta milaka emakumek beren eskubideak eta egiazko berdintasuna aldarrikatzeko beteko dituzte Euskal Herriko hiriburu, herri eta auzoak arratsalderako deituta dauden mobilizazioetan.

Egungo sistema iraultzearen aldeko aldarria herrialdearen luze-zabalean entzunaraziko dute, beraz, Euskal Herriko mugimendu feministak deitutako mobilizazio-sortan; horretara animatzen baitu aurten aukeratutako leloak: “Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra”.

Kasu honetan, bidea da helburua: feminismoa. Baina gainditzeke dauden zeharbideak asko dira oraindik eta, gaur, pandemiaren bestondoa bizitzen ari garela, zaintzak erdigunea hartuko du.

«2018 eta 2019ko greba feministetan argi salatu genuen, kapitalaren araberako gizarte antolaketa daukagula eta bizitzak nahiz zaintza erdigunean jartzeko apustua egingo genuela». Mezu horri eutsi behar zaio aurten ere, Euskal Herriko Neska* Gazteak kolektiboko Ane Sainz Espiga, Naia Kortaberria Garetxana eta Leire Delgado kideen arabera.
Horien iritziz, egun zaintza lanak ez daude aitortuta, ezta zaintzaileak ere. Lan horiek sarri andrazko arrazializatuek sostengatzen dituztela ekarri dute gogora, eta gizonek, instituzioek eta elite ekonomikoek baliatu egiten dituztela zerbitzuak pribatizatu eta etekin ekonomikoak ateratzeko.

Errotiko aldaketa bat aldarrikatzen dute; «gure bizitzak aintzat hartu eta bizigarri egingo dituen sistema baten alde lerratuko den gizarte eredu bat eraikitzeko», esan du Delgadok. Horregatik, zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde egiten dute.

Delgadok gaineratu du, halaber, gazteek ere burutzen dituztela zaintzari lotutako lanak, klase partikularrak, haurren zaintza, aisialdia edo hezkuntza ez-formala, kasurako, eta enplegu horiek guztiak «egoera ezegonkor eta prekarioetan» egin ohi dituztela: «Kontraturik gabe, lan eskubideen berri izan gabe edo balio sozialik gabe».

«Neoliberalismoak indibidualizazio prozesu basatietara garamatza, harremanak kontsumora bideratuz, komunitatea ahulduz, eta gure harreman ereduetan zaintza alboratuz», agertu du Leire Delgadok. Eta ohartarazi du, halaber, horrek guztiak eragin zuzena duela gazteen buru-osasunean.

Egiturazkoa eta erradikala

Euskal Herriko Neska* Gazteen iritziz, egungo sisteman, zeina «zisheteropatriarkatu kapitalistan» oinarritzen den, feminismoak ez du kabidarik. «Pertsonen arteko berdintasunik ezan oinarritzen da sistema, bizirauteko. Zapaltzaileak eta zapalduak behar ditu bere engranajeek funtziona dezaten; beraz, argi dago gaur egungo sistemaren barruan ezinezkoa dela gizarte feminista bat garatzea», agertu du Ane Sainzek.

Hori dela eta, feminismoaren izaera erradikaletik berresten dute sistemaren kontra egiteko hautua. Horregatik, Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunean gizarteak erakusten duen oldarraldi feministari neurria hartzerakoan tentuz ibili behar dela ohartarazi dute Neska* Gazteak kolektiboko kideek. «Ezin dugu ahaztu gero eta distortsionatuago dagoen eguna dela, sistemaren partetik feminismoaren eta, zehatzago, data honen asimilazio bat dago. Askok txapa jartzeko erabiltzen dute egun hau, beste askok kamisetak saldu eta negozioa egiteko», esplikatu du Sainzek.

«Honek esan nahi du ez dutela balio aterabide partzialek, baizik eman beharreko aldaketa sistemikoa dela, errokoa», gaineratu du. Errotiko aldaketa horiek, bere aburuz, «bizitzak erdigunera» ekarri behar dituzte.

Sistemak feminismoa eta M8a asimilatu nahi badu ere, feministek argitu dute horrek ez duela esan nahi gaurko egunak ez duela ezertarako balio. «Ezinbestekoa da feminismotik aldarrikapen zehatzak, erradikalak eta egiturazkoak egitea. Martxoaren 8ak hori lortzeko foku bat ematen du, kaleak betez, ikaragarrizko indar erakustaldia eginez edo mugimendu feministaren baitan antolatzen diren eragile ezberdinen arteko elkarlanaren bidez indarrak batuz», esan du Ane Sainz Espigak. Horrekin batera, M8ak instituzioak interpelatzeko nahiz aldarrikapen feministak gizarteratzeko balio duela uste du: «Borroka honetan ezinbesteko data dugu».

Ezinbestekoa da antolakuntza feminista ere, saretzen jarraitzeko, Naia Kortaberriak esan duenez: «Beharrezkoa da Euskal Herri feminista bat eraiki ahal izateko edo neska* gazteok jasaten ditugun zapalkuntzei aurre egiteko, ahalik eta antolaketa handiena izatea. Herriz herri, auzoz auzo, gazte mugimenduetan, instituzioetan, lan esparruan… antolakuntza eta borroka gizartea eraldatzeko oinarri dira. Berriz kaleak hartu eta mobilizatzea ezinbestekoa da, berriz ere oihu egin eta lehertzea, baina hori guztia egunerokoan ere islatu beharra dago, herri eta auzoetako talde feministetan. Hor dago iraultzarako garra eta guk horiek hauspotzen jarraituko dugu».

Nekeari antolakuntza

Antolakuntzaren sustatzaile eta sare-ehule ere bada Euskal Herriko Neska* Gazteak  mugimendua. Feminismoan indartsu datoz emakume gazteak, iaz Elizondon egin zuten Batera-jotze Nazionalak erakutsi zuenez: 600 emakume inguruk hartu zuten parte ariketa kolektibo horretan. «Mugimendu indartsu bat garela ikusi genuen, gure arteko harremanak indartzeko balio izan zuen eta eztabaida batzuk elkarrekin izateko», adierazi du Naia Kortaberriak.

Neska*Gazteak kolektiboko kide honen aburuz, feminismoarekiko ezagutza nabaria da belaunaldi gazteetan, ziur aski, aurreko belaunaldiek baino «baliabide eta espazio gehiago» dituztelako gaiaren inguruan hausnartzeko. «Hala ere, horrek ez du bere horretan aktibazio bat sortzen», ohartarazi du, iritzi baitu gaur egungo gizarteak «milaka traba» jartzen dituela «bere oinarriak kolokan jartzen dituen edozertan antolatzeko eta borrokatzeko». Prekaritateak, halaber, antolakuntza politikorako tarte eta baliabide urriak eskaintzen dituela gogorarazi du.

Horrez gain, argi dute emakumeek feminismoan urratu duten bidea ez dutela gizonek ibili: «Gizonek ez dute lan hori egin, beren pribilegioei inoiz baino gogorrago eusten diete eta ez dute eraldaketa honetan dagokien papera betetzeko asmorik. Hori da aurrean dugun erronka handienetako bat, gizonak interpelatuta senti daitezela eta horretan lanean hastea, ez guk diogulako, baizik Euskal Herri feminista baterako bidean haien erantzukizun politikoa delako».

Pandemiagatiko murrizketak aplikatuta egin behar izan zituzten Elizondoko jardunaldiak, eta osasun-krisiak eragindako neke kolektiboa gaindituz, Kortaberriak aipatu duenez, eragina izan baitu militantzia feministan: «Itxialdiaren ostean zailtasun asko izan genituen gure artean biltzeko; antolaketa politikorako zailtasunak areagotu ditu pandemiak. Gainera, nekeak ere eragin handia du. Orain hasi gara ikusten berriz esnatzen ari garela, baina orain artekoa geldialdi orokorra izan da, neke sentsazioak eta amaierarik ez ikusteak eragin argia izan zuen. Bestetik, uste dugu gure lehentasunei eta ekiteko moduari ere eragin diola, agian beste toki batzuetan jarri dugula begirada».

Hala, pandemiaren kontrako murrizketarik gabe izango dela aprobetxatu eta gaurko deituta dauden mobilizazioetan parte hartzera deitu dute Euskal Herriko Neska* Gazteak kolektiboko kideek: «Euskal herritar orori dei egiten diogu kaleak hartzera. Eta, batez ere, neska* gazteoi, hamaika arrazoi ditugulako mobilizatzeko eta aldarrikatzeko. Beraz, goazen, herriz herri eta auzoz auzo gure haserrea eta bizipenak lau haizeetara zabaltzera, eta asteazkenean jarrai dezagun lanean, jarrai dezagun antolatzen».