INFO

Norbanakotik hasi eta elkarlanean herriraino doan ahalduntzea

Emakume Etxerik ez du Oñatik oraindik, baina jabetze eskolaren bidez hutsune hori betetzen ahalegintzen dira. Emakumeen saretzea eta ahalduntze indibidual, kolektibo eta soziopolitikoa ditu azken helburu.

Oñatiko jabetze eskolaren azken urteetako ahalegina gogoeta feministarako espazioak antolatzea izan da. (NAIZ)

Hamarkada gainditu du Oñatiko jabetze eskolak eta bidean zenbait aldaketa ere jasan ditu. Andraitz talde feministak jarri zuen martxan 2011. urtean, baina bost urte geroago haren ardura Oñatiko Udalaren esku uztea erabaki zuen, taldeak bidea egin ahal izateko. Izan ere, ekimenak dimentsio handiagoa hartzen zuen heinean, energia asko bideratu behar baitzuten bere garapenera; alegia, jarduna jabetze eskolaren beraren kudeaketara bideratzen zuten.

2016-2017 ikasturtean prestatu zuen udalak lehen egitaraua. Batetik, eztabaidarako gune iraunkor bat du eta, bestetik, hainbat baliabide lantzeko aukera ematen duten jarduerak. Askotariko gaiak jorratzeko ahalegina egiten dute antolatzaileek: gorputza, sexualitatea, haurdun izatea, sormena, norberaren autonomia... «Saiatzen gara emakumeon parte hartzea maila sozial eta politikoan indartzeko ikastaroak antolatzen, ahalduntze indibidual, kolektibo eta soziopolitikoaren barruan», azaldu du udaleko berdintasun teknikari Jone Arriolabengoak.

Gogoeta feministarako espazioak antolatzea izan da azken urteetako ahalegina, «horiek sortzea eta hausnarketa kolektiborako leku bat eskaintzea». Jabetze eskolak horixe izan asmo du, emakumeen ahalduntze prozesuan laguntzeko. Nahiz eta datozen urteetan sortzeko proiektua baduten, egun, Oñatik ez du Emakumeen Etxerik edo txokorik; hortaz, «maila figuratiboagoan» bada ere, harremanaren bidez bete nahi dute hutsune hori, «gune seguru eta konfiantzazko bat» egituratuz.

Teknikariak aitortu duenez, aurre egin beharreko «erronka» nagusietako bat «maila edo irakurketa politikoago batera» jauzi egin ahal izatea da. Horretarako sustatu duten bitartekoetako bat da saretzea. Baliabide eta helburu da, aldi berean; izan ere, arduradunen iritziz, emakumeen arteko lotura horiek ehuntzea lagungarria baita norberaren lanketa propiorako, baina baita taldekoa eta herri mailakoa egiteko ere.

Askotarikoa eta ugaria
Jabetze eskola herriko edozein emakumeri bideratutako egitasmoa da eta antolatzaileek kolektibo edo talde desberdinekin lanketa propio bat egiten saiatzen  dira, elkarrekin haien beharrei ahalik eta gehien egokituko zaien «berezko ibilbide bat» garatzeko. Hala, unean uneko nahietara moldatzen dituzte jarduerak eta hauen luzapena, baita lantaldetxoak eratu ere jasotako eskaerei edo dinamikei erantzuteko. Esaterako, emakume migratuekin izandako bileretan aipatutako proposamenekin zenbait saio antolatu zituzten, eta, era berean, neska gazteekin elkarlanean prestatu  zuten haientzako berezko eskaintza.

Urteotan jarduera sorta zabaltzen joan dira, eta, horrekin batera, jabetze eskolaren inguruan dabiltzan emakumeak «ugaritu eta aniztu» egin direla dio Arriolabengoak. Ez daki gorakada hori  zehazki zerk eragina den, baina uste du jabetze eskolek eta mugimendu feministak urteetan egindako lanaren bidez lortu duten «erakarpen gaitasunaren» ondorio dela. «Lehen bazirudien Andraitzen eta mugimendu feministan zeuden kideentzako espazio bat zela, eta uste dut poliki-poliki irekitzen joan dela. Emakume desberdinek beren burua gune horretan ikusteko aukerak zabaltzen ari direla», azaldu du. Hain zuzen ere, profil zehatz bati bideratuta zegoela pentsatuz, emakume batzuk ez dira orain arte animatu, baina saio batera joan eta harritu egiten dira askotariko emakumeak daudela ikusita.

Jabetze eskola bera emakumeei mugatutako jarduera da, baina egitarauan sartzen dituzten gainerako hitzaldi, tailer, dokumental emanaldiak... edonori zabalik daude, horien bitartez herritarren sentsibilizazioan eragin nahi baitute.