Osakidetzako LEPa, ekainaren 18an eta 19an Gasteizen eta uztailaren 2an eta 3an BECen
Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoko (LEP) lehen faseko azterketen datak ezagutarazi ditu Osasun Sailak. Heldu den ekainaren 18an eta 19an egingo dira Gasteizko EHUn, eta uztailaren 2an eta 3an, berriz, Barakaldoko BECen.
Osakidetzak 2018-2019 Lan Eskaintza Publikoko (LEP) lehen faseko azterketen datak jakinarazi ditu asteazken honetan. Azterketak heldu den ekainaren 18an eta 19an egingo dira Gasteizko EHUn, eta uztailaren 2an eta 3an Barakaldoko BECen.
Asteazken honetan Osakidetzak deitutako mahai sektorialaren bileran finkatu dira datak. Sindikatuak ez dira bertaratu.
2018-2019 LEPak 3.535 plaza eskaintzen ditu, bi fasetan banatuta. Lehen fase horretarako 1.610 plaza erreserbatu dira, horien artean Lehen Arretakoak, eta 38.654 pertsonak eman dute izena.
Ekainaren 18an eta 19an honako lanpostu hauetarako hautagaiak deitu dira azterketa egitera: familia-medikua, pediatriako medikua, emagina, logopedia diplomaduna, anatomia patologikoko teknikaria, optika eta optometriako diplomaduna, dietetikako teknikaria, laneko osasuneko erizaina, buru osasuneko erizaina, erradioterapia teknikaria, osasuneko dokumentazioko teknikaria, terapeuta okupazionala eta audioprotesi teknikaria.
BECen, uztailean
Era berean, uztailaren 2an eta 3an, Barakaldoko BECen, administrari, fisioterapeuta, erizain, erradiodiagnostikoko teknikari espezialista, laborategiko teknikari eta gizarte-langile izateko lanpostuetarako hautagaiak deituko dira.