INFO

Abortuari buruzko informazioa zabaltzea baimentzeko erreforma aurkeztu du Alemaniak

Alemaniako Gobernuak lege proiektu bat aurkeztu du Parlamentuan abortuari buruzko informazioa zabaltzea debekatzen zuen legea kode penaletik ezabatzeko.

Abortuaren aldeko mobilizazioak Berlinen. (John MACDOUGALL | AFP)

Alemaniako Justizia ministroak, Marco Buschmannek, asteazken honetan lege proiektu berri bat aurkeztu du Berlingo Parlamentuan. Proiektu honek abortu zerbitzuei buruzko informazioa zabaltzea debekatzen duen legea Kode Zibiletik kentzea du helburu.

Buschmannek nazismo garaitik gaur arte indarrean mantendu den legea «onartezina» dela deitoratu du. Egun, Alemaniako medikuek abortu zerbitzua eskaintzen dutela iragarri dezakete, baina ezin dezakete prozedurei buruzko informazio gehiago eman. Are gehiago, informazioa zabaltzen duten profesionalei prozesu judizialekin egiten die mehatxu Alemaniako Gobernuak ezabatu nahi duen legeak.

«Ez da posible abortuak praktikatzen dituzten medikuak egungo araudiaren beldur izatea», salatu dute

«Ez da posible abortuak praktikatzen dituzten medikuak –eta, hortaz, informazio objektiboa eskaintzeko pertsona aproposenak direnak– egungo araudiaren beldur izatea informazioa eskaini ezkero», salatu du Buschmannek.

Ildo horretatik, Emakumearen ministroak, Anne Spiegelek, haurdunaldiaren etetearen inguruko informazioaren aldeko aldarria plazaratu du: «Etorkizunean, medikuak gai izan beharko lirateke beraien osasun zerbitzuen inguruko informazioa eskaintzeko epaiketa edo estigmatizazioen beldur izan gabe».

Egun, kasu berezi batzuetan onartzen den arren, abortua legez kanpokoa da Alemanian. Joan den abenduan boterera iritsi zen zentro ezkerreko koalizioaren aurretik, Angela Merkelen demokristauek Gobernatu baitzuten herrialde germaniarra 16 urtez.

Hori horrela, indarrean dagoen legearen arabera, emakume batek abortu bat izan dezake baldin eta haurdunaldiaren lehenengo hamabi asteetan laguntza bilatu eta osasun agiri bat aurkezten badu. Dena den, denbora hori pasa ostean emakumearen bizitza, ongizate fisikoa edo sikologikoa arrisku larrian egon daitekeela kontsideratzen bada, posiblea da inongo zigorrik jaso gabe abortatzea.