INFO

Amets egiteari uko egin gabe eta oinak lurrean abiatu du Errigorak kanpaina berria

Ostegun honetan hasita eta martxoaren 30 bitarte nafar hegoaldeko oliba olio birjina, kontserba, arroz, pasta eta lekale sortak eskatu ahal izango dira. Euskaraz eta auzolanean, «ekoizteko eta kontsumitzeko modua aldatzea» bultzatu nahi dute.

Errigorak kanpaina berria aurkeztu du Iruñeko Geltokin. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Nafarroako hegoaldean euskara bultzatzeko jomuga duen Errigorak kanpaina berria abiatu du. ‘Oinak lurrean’ lelopean egin ere. Izan ere, «amets egiteari uko egiten ez diogun arren, ez garelako ametsetan bizi», Xanti Kirogak ostegun honetan Iruñeko Geltokin azaldu duen moduan.

Horrela, gaurtik hasita eta hilaren 30era bitarte, nafar hegoaldeko oliba olio birjina, kontserba, arroz, pasta eta lekale sortak eskatu ahal izango dira. Hauek euskaraz etiketatuta eta «auzolanari esker» ekoizlearen jatorrizko prezioan eskainiko dira. Eskariak Errigoraren webgunearen bitartez edo telefonoz eskatu daitezke.

«Oinetako behatzekin uki daitezke Errigorarekin bat egin duten milaka herritarren ekarpenak Nafarroako baratzean eman dituen fruituak. Lur eremu berriak jarri ditugu bestelako ereduen esku, merkatuaren logikan eta kanpora bidaltzen ziren produktuak Euskal Herrian eta bestelako ereduan kontsumitu daitezen lortu dugu, kanpotik ekartzen genituen produktuen ekoizpena gurean berreskuratzen lagundu dugu, hainbat ekoizleri ekologikora trantsizioa egiteko bultzada eta babesa eman diogu eta euskarari olio-errota eta kontserba etxeetako ateak zabaldu dizkiogu», txalotu du Kirogak.

Eta horra iristeko eskuratu dituzten datu batzuk ere plazaratu ditu. Iazko kanpainan, esaterako, 8.200 etxeetara egin zituzten bidalketak, 109.000 litro olio banatu ziren, 30.000 arroz poltsa eta 245.000 ontzi kontserba. Hala ere, «oinak lurrean» mantentzen dituztela azpimarratu du. «Hazi egin nahi dugu, baina ez edonola», nabarmendu du, Errigoraren filosofia berretsiz. «Lurrarekiko eta bertan bizi garenokiko errespetuz hazi nahi dugu».

Euskararen posizionamendua aldatu

Kanpainaren aurkezpenean izan da Kiko Fernandez ekoizlea ere, zeinek «ekoizpenean pauso berriak emateko» Errigorak eskaini dion «bultzada handia» eskertu duen. «Ekoizpen berriei ekiteko edo lur eremu berriak landatzeko apustua egitean ekoizleek izaten duten ziurgabetasuna arintzen laguntzen du».

Baina ez hori bakarrik. Ekoizleei euskaraz kontsumitu nahi duen komunitate handi bat gerturatu die Errigorak eta honek «euskararen posizioa aldatu» eta hizkuntzari «balio praktikoa erantsi» egin diola aipatu du. Eta ez da gutxiagorako: Errigorako ekoizle guztiek 2023rako enpresetan euskara planak abiatzeko konpromisoa hartu dute.

Bestetik, Miren Otxotorenak, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluko lehendakariak, balioan jarri nahi izan du Errigorak ekoizpen ekologikoari egindako ekarpena. «Nekazari eta transformatzaileen artean eraikitako zubiak funtsezkoak dira. Gehiegitan elkarri bizkar emanda aritu dira eta elkarlan hori ezinbestekoa da tokiko elikadura sistemak garatzeko».

Ekitaldiarekin amaitzeko, Mario Gomarak, Cascanteko ‘La casa del aceite’ errotako arduradun eta, 2019an, oliba olio birjina dastatzaileen lehenengo nazioarteko lehiaketa irabazi zuen taldeko kideak, olio dastaketa bat gidatu du bertaratutakoekin.