INFO

Bilboko portuan sartzen den gasak Ukrainako gerra finantzatzen duela salatu dute

‘Gasak gerra finantzatzen du’ eta ‘Gerrarik ez’ leloak erakutsi dituzte Greenpeaceko zenbait aktibistak Bilboko portuan sartu den ontzi errusiar baten aurrean, gasa deskargatzen ari dela. Elkarretaratzea ere egin dute 18etan Gobernu espainolaren ordezkaritzaren aurrean, beste talde batzuekin batera.

Ekintzaileak, errusiar ontziaren aurrean protestaka (Greenpeace)

Arratsaldeko lehen orduan, Greenpeaceko aktibistek Ukrainiako gerraren aurkako protesta egin dute Bilboko portuan. Zenbait ontzitan igota, ‘Gasak gerra finantzatzen du’ eta ‘Gerrarik ez’ mezuak zituzten pankartak erakutsi dituzte, Nikolái Urvántsey ontzi errusiarraren aurrean, Bilboko portuan gasa deskargatzen ari zelarik.

Ekintza horren bidez, Greenpeacek berretsi du irtenbide bakarra gerraren berehalako amaiera dela, eta petrolioarekiko eta gasarekiko mendekotasuna gainditzeko eskatu du. Errusiako Armadak Ukrainaren inbasioa hasi zuenetik bi aste igaro ondoren, Greenpeacek «eraso militar horrekiko gaitzespen irmoa berretsi du, biktima zibilekiko elkartasuna erakutsi du eta mundu osoko aktibistek gerraren aurka egindako protesta baketsuak txalotu ditu».

«Greenpeace oso kezkatuta dago Ukrainako gatazka militarrarekin. Amaiera eskatu eta arduradun nagusietako bat aipatuko dugu: gasa eta Putinen gerra makineria finantzatzen duten gainerako erregai fosilak. Nahiz eta oraingo honetan gerra ez izan bere kontrolagatik, haiek elikatzen dute literalki gerra; izan ere, Errusiako BPGaren %40 erregai fosilen esportaziotik dator, eta gobernuak arma gisa erabiltzen du Europaren energia-mendekotasuna», adierazi du Francisco del Pozo erregai fosilen aurkako kanpainaren arduradunak. «Gaur egun, inoiz baino beharrezkoagoa da energia eskaria murriztea eta energia berriztagarriak bizkortzea. Horrek gas errusiarraren, petrolioaren eta ikatzaren inportazioak murrizten lagunduko du», argudiatu du.

Joan den asteartean Europar Batasuna Errusiako gas inportazioekiko mendekotasuna murrizteko proposamena aurkeztu zuen, 2030. guztiz eteteko mehatxuarekin batera. Greenpeacek gehiago eskatzen du: «Erregai fosilak baztertzeko plan bat ezartzea, bidezko transizio bat ziurtatuko duena energia independentziarantz eta ekonomia eta lanari lotutako etorkizun hobe bat ekarriko duena». Era berean, gogorarazi du gas-inportazioko iturri berriak bilatzeak, gas-azpiegitura berrietan edo erregai alternatiboetan inbertitzeak ez duela konponduko Europak krisi energetikoen aurrean duen zaurgarritasuna, eta krisi klimatikoa larriagotzen jarraituko duela.

Elektrizitatearen prezio altuaren aurrean, bestalde, «merkatu elektrikoa berehala berritzeko» eskatu du Greenpeacek, «energia berriztagarrien prezioak (prezio merkeenak), fakturan islatuta ikus daitezen». Era berean, erregai fosilentzako diru laguntzak kendu eta energia garbirako eskubidea babestu behar da tarifa sozial eraginkorren bidez, eta, aldi berean, gas galdaren ordez sistema berriztagarriak erabiltzea sustatu behar da, bai eta etxebizitzen efizientzia energetikoan inbertsio orokortua egitea ere.

Elkarretaratzea Madrilgo Ordezkaritzaren aurrean

Portuan eginiko protesta honen ondoren elkarretaratzea deituta dute Greenpeacek eta beste zenabit taldek Bilbon Gobernu espainolak duen Ordezkaritzaren aurrean, Moyua Plazan hain zuzen ere.

Gobernuko Ordezkaritzaren aurrean elkartuta.
Monika del Valle | FOKU

(Gobernu Ordezkaritzaren aurrean elkartuta, Bilboko Moyua Plazan. Argazkia: Monika del Valle | Foku)

Bertan Ekologistak Martxan, Ongi Etorri Xatuak, La Guerra Comienza Aquí eta Euskal Gune Ekosozialistak batuko zaizkio Greenpeaceri.