INFO

Altuna eta Martija, finaletik bertan partida gogoangarri batean nagusitu ostean (22-21)

Bakoitzak berean partida ia perfektua jokatu dute laurek baina urdinek horrenbeste jo ostean, amezketarrak atzean egindako tanto batek eman die garaipena gorriei.

Ikuskizun ikaragarria eman dute lau pilotariek gaur Labriten. (Iñigo URIZ/FOKU)

Zalantzarik ez dago historiora pasako den pelotaria dugula Jokin Altuna eta bere palmaresean falta duen txapel bakarra inoiz baino gertuago dauka amezketarrak. Finalerako txartela igandean bertan lor dezake Elezkano-Zabaleta Laso-Imazi irabazteko gai badira eta halako balentria batek ezin zuen edonolako partida bat izan atzean. Eta amezketarrak jarri du beretik, aurkariek horrenbeste jo duten ia ordu eta erdiko partidako azken tantoa atzean lortuz, baina inguruan izan dituen beste hiru pilotariek ere ikaragarri eman diote, ziurrenik txapelketako partidarik onena izan denari.

Bakoitzak berean, maila gorengo partida jokatu dute Altuna-Martija eta Irribarria-Rezustak. Egia da amezketarraren distirak gainontzekoen lana itzalean uzteko arriskua badagoela, baina galdu arren, 2017ko txapeldunek ere harro egoteko moduko lana osatu dute. Pilota bakarra galduta, Rezustarik onena ikusteko modua izan dugu, pilotakada bakoitza gozatuz eta Irribarriak ere lan bikaina osatu du, nahiz eta sakez egindako faltak eta 21-20koan Rezustak jotako pilotakadak bere gorputzean jo duen erak zigortuko duen bere balorazioa.

Izan du Altunarekin txokoan nahastu behar ez zuen alerik, baina airez amezketarrak baino tanto gehiago amaitu ditu amaierarako eta defentsan ere dezenteko hobekuntza antzeman diogu. Baina batez ere, euren jokatzeko eran erakutsi duten fedea eta bidea ikasi izanarekin geratu behar lukete ezkerrek, 6-1ekoan edo 18-13koan errazena joaten uztea izan zitekeenean, arazo larritan jarri baitituzte bolada izugarrian dauden bi pilotari handi.

Hasiera hotza

Bainaren bat jartzekotan, izan duten hasiera hotza jarri behar, Altuna-Martijak errazegi aldegin baitiete markagailuan. Sake errematean zital, amezketarrak erakustaldia eman du lehen parte horretan, pilotakada bakoitzari zentzua emanda. Horrela heldu dira partidako lehen aldeak gorrientzat, baina bikote gipuzkoarrak eutsi egin dio lehiari eta orain arte aipatu ez baina lan gogoangarria egin duen Martija gupidarik gabe zigortzen hasi dira. Txapelketa honetan bertan esana genuen Altunak sekula ez zuela Binakako batean bere bizkarra horren babestua izan eta Etxeberrikoak gaur ere berretsi du.

Bi jotzaile handiren aurka, atzelari nafarrak hustu egin behar izan du, bikietan karranpak nabaritzeraino, baina beti bezain serio eta seguru, lan ikaragaria osatu du, bi jotzaileen erauntsiari eutsi eta tarteka –Altunaren keinuei zukua ateraz– pilotak eskuinaz ondo luzatuz.

Hala ere, partidaren bigarren partea sufrikario bat izan da beretzat, Irribarria-Rezustak min handia egin baitute euren gustuko materialarekin. Hala, sakez egindako tanto batekin, partida 20-20 berdindu dute amaiera ezin estu eta zirragarri bati bide emanaz. Txanpona edozein aldeetara eror zitekeen, baina gehienetan bezala, txapeldunaren aldera erori da.

FITXA TEKNIKOA

Altuna III.a-Martija:22

Irribarria-Rezusta:21

Pilotakadak: 792. Iraupena: 86,31 minutu. Markagailua: 0-1, 6-1, 6-4, 9-4, 9-8, 11-8, 11-10, 12-10, 12-11, 14-11, 14-12, 17-12, 17-13, 18-13, 18-18, 20-17, 20-20, 21-20, 21-21 eta 22-21. Sakeak: 2 Altunak eta 3 (falta 1) Irribarriak. Tantoak: 11 Altunak, 2 Martijak, 12 Irribarriak eta 2 Rezustak. Galdutakoak: 3 Altunak, 1 Martijak, 6 Irribarriak eta 1 Rezustak. Gorabeherak: Giro itzela Labriten.