INFO

Bidasoa-Ademar eta Huesca-Anaitasuna, Ligan helburuak betetzera Kopan lehiatu aurretik

Irundarrek talde historiko bat hartuko dute igandean Artalekun (13.30), pandemiaz geroztik lehenengo aldiz aforoa ehuneko ehunean egonda, nahiz eta aurkaria bederatzigarren egon. Nafarrek, aldiz, bi puntu atzerago dagoen Huescaren etxean jokatuko dute behingoz jaitsiera postuak ekidin nahian.

Bidasoak eta Anaitasunak garaipenak nahi dituzte euren helburuetarako eta Kopan lehiatu aurretik. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gaurtik denboraldi amaiera arte partida guztiak berebizikoak izango dira Bidasoa-Irun eta Helvetia Anaitasunarentzat. Gipuzkoarrentzat, Asobal Ligako bigarren tokian amaitu nahi dutelako lehiaketa –Barça, beste behin, geldiezina da–; eta nafarrentzat, jaitsiera postuak oso urrun utzi nahi dituztelako, eta zergatik ez, beste helburu batzuetan pentsatu ahal izango dutelako garaipenak lortuz gero. Hori bai, bi euskal taldeek hilaren 25etik 27ra bitartean Kopako azken fasea jokatu beharko dute Antequeran eta igande honetakoak azken lehiak izango dira hitzordu hori aurretik.

Bidasoa-Irunek atseden egun gehiago ditu orain, behin otsaila bezalako hilabete gogorra ‘bikain’ nota batekin gainditu ostean. Aurreko asteartean EHF European Leagueko multzo faseko azken partidan garaipenak ihes egin zion azken segundoan Fenix Toulousen etxean, baina Last 16rako sailkapena eskuetan zuten jada irundarrek. Hala, Liga, Kopa eta hilaren 29an, EHF European Leagueko kanporaketako joaneko lehia iango du GOG daniarren aurka Artalekun.

Kopa eta Europako hitzorduak iritsi baino lehen, Ligan sendo jarraitu nahi dute bidasoatarrek. Horretarako, igande honetan Ademar Leon hartuko dute Artalekun, beste talde historiko horietako bat. Egia da ez dela denek espero zuten denboraldia egiten ari –bederatzigarren dira sailkapen nagusian–, baina biharko aurkariak hiru garaipen jarraian lortu ditu Nava, Logroño eta Puente Genilen aurka.

Horregatik, Jacobo Cuetara ez da beraietaz fidatzen. «Ligako aurrekontu handiena duen bigarren taldea da eta logikoa da denboaren poderioz merezi duen postuan egotea», azpimarratu du astean zehar Bidasoa-Irungo prestatzatileak.

Azken fase honetako talderik onenetarikoa izaten ari da. Oso ondo ari da lehiatzen eta azken jardunaldi hauetako Ademar hartu behar dugu erreferentzia bezala, ez denboraldi gainontzeko Ademar», gaineratu du Cuetarak.

Biharko aurkariaren hobekuntzan bi faktore nabarmendu ditu prestatzaile asturiarrak. Alde batetik, «pauso bat aurrera eman duten jokalariak daude», eta horretarako Milosavljevic jokalaria izendatu du. «Hasiera ona egin zuen eta ondoren errendimenduan blokeatuta geratu zen, baina bigarren itzulian goiraka ari da jotzen», adierazi du.

Bigarren faktorea atezainen lana dela dio, «oso ondo lehiatzen ari baitira». Gauzak hala, gauza bat oso argi utzi du: «Historiko bat da eta kontu handia izan behar dugu, beraien mailarik onenean jokatzen badute, guk ondo jokatuta ere, irabazi gaitzakeen talde horietako bat baita».

Adibiderik argiena lehen itzuleko partida dago, 34-25 galdu baitzuten irundarrek, «taldearen inguruan duda asko sortuz», onartu du Cuetarak. Horregatik, «mendekua hartzeko gogotsu gaude», azpimarratu du.

Bidasoa-Irunek beste faktore bat izango du alde igande honetan: Artaleku eta zaleak. Izan ere, pandemia hasi zenetik lehenengo aldiz, kiroldegia ehuneko ehunean bete ahal izango da (1.943 ikusle). Bestalde, Ukrainako gerrak uzten dituen biktimen elkartasunean, txarteldegian lortzen den diru-bilketa helburu horretara bideratuko da.

Anaitasuna, aurkari zuzen bat atzean utzi nahian

Helvetia Anaitasunak beste helburu batzuk ditu, baina gauza batean ados daude nafarrak eta Bidasoa: garaipenaren bila aterako dira partida bakoitzean. Iruindarrek –zazpigarren dira, 19 punturekin– bi puntu gutxiago dituen Huescaren etxean jokatuko dute igande honetan (18.00).

Hori bai, kontuan izan behar da nafarren aurkariak bi partida dituela atzeratuta denboraldi honetan: 17. jardunaldikoa Torrelavegaren kontrakoa, eta azken jardunaldikoa Benidormen aurkakoa. Faktore hau ona izan daiteke Anaitasunarentzat, erritmo falta soma baitezake Huescak.

Iruindarrak, gainera, jarraian bi garaipen lortuta iritsiko dira neurketara. «Liga honetan erregulartasuna asko kostatzen ari da, ez guri bakarrik. Egia da postuak igotzen lagundu diguten bi garaipenetik gatozela eta, noski, gure asmoa bide horretatik jarraitzea da», adierazi du astean zehar Quique Dominguez entrenatzaileak.

Sailkapeneko erdiko zonari begiratuta, berdintasun handia dagoela ikus daiteke. Horregatik partida «orekatua» espero du prestatzaileak. «Zailtasunak izango ditugu. Beraien pistan jokatzen dugu, beharrak dituen taldea da eta covidarengatik kutsatuta egon diren jokalariak ditu, ea zer nolako erantzuna ematen dioten horri», gaineratu du.

Jose Francisco Nolascok gidatzen duen taldeari buruz, «defentsan duen sendotasuna» nabarmendu du Dominguezek. «Bere 6-0ekoa jokalari indartsuak, gogorrak eta gainditzeko zailekin osatuta egoten da», azpimarratu du.

Hala ere, aurkariari begiratu baino, entrenatzaileak nahiago du bereari begiratu. «Erregulartasunez eta erritmo altuan jokatzen duen Anaitasuna ikusi nahiko nuke, orain arte egin dugun bezalaxe. Torrelavegako partidak oso argi utzi zigun zein den gure asmoa pistara ateratzeko orduan», amaitu du.