Arnasa kentzeko garaipen horietako bat eskuratu du Anaitasunak Huescan (25-26)
Azken 20 minutuetan lau goleko aldearengatik galtzen joan, bi minuturen faltan berdinketa lortu eta azken unean buelta eman dio talde nafarrak partidari.
Asobal Ligako bi euskal taldeen partidak gol batengatik bakarrik erabaki dira jardunaldi honetan. Eguerdian Bidasoa-Irunek 26-27 galdu du Ademar Leonen aurka Artalekun, eta arratsalde-gauean Helvetia Anaitasunak 25-26 amaitu du Huescaren aurkako bere neurketa, baina garaipena suposatu du.
Azken unean lortu ditu bi puntuak talde nafarrak, berebiziko puntuak jaitsiera postuak gehiago urruntzeko eta Ligako azken fasea lasaitasun handiagoarekin jokatzeko.
Esan daiteke arnasa kentzeko garaipen horietako bat izan dela gaurkoa. Hasiera-hasieratik oreka mantendu da partidan, berdinketa ugarirekin. Talde batek abantaila txikia hartzen bazuen markagailuan, segituan bueltatzen zen berdinketa.
Lehen zatiaren erdialdean, ordea, etxekoek hiru goleko abantaila hartu dute (8-5), eta honek Quique Dominguez Anaitasunako entrenatzailearen hutsartea behartu du. Ondo etorri zaio ‘atseden’ txiki hau talde nafarrari, pistara itzuli eta berriro ere berdinketa lortu baitu (8-8).
Hori bai, Huescak defentsa estutu eta atsedenaldira iritsi aurretik hiru goleko errenta lortu du berriro ere (14-11).
Gauzak ez dira asko aldatu bigarren zatian. Oreka nagusi zen. Hori bai, kasu honetan lau goleko errentara ere iritsi da Huescaren aldea amaitzeko 20 minuturen faltan (21-17, 40. minutua). Baina Anaitasunak amore ematen ez duen talde horietako bat dela erakutsi du.
Hasteko, markagailua orekatzea lortu du pixkanaka eta 25na berdintzea lortu du partida amaitzeko bi minutu falta zirenean. Ondoren, gainera, aurretik ipini da eta hor bai garaipenak ez diola alde egin.
PARTIDAKO FITXA:
25 - Bada Huesca (14-11): Almeida (atezaina), Montoya (3), Adria Perez (2), Ian Moya (0), Gomes (2), Marcelo (0), Arnau (5), Benites (0), Gucek (1), Miguel Malo (1), Rubio (0), Nieto (3), Pinto (5), Hackbart (3) eta Arguillas (p).
26 - Helvetia Anaitasuna (11-15): Bar (atezaina), Gaston (4), Bazan (1), Fernandez (1), Meoki (1), Hector Gonzalez (0), A. Garcia (1), Chocarro (4), Redondo (2), De Souza (2); Izquierdo (3), Bulkin, Del Arco, Albizu (7), Bonano (0) eta Cancio.
Partzialak bost minuturo: 2-1; 3-3; 6-5; 8-6; 12-8; 14-11 (atsedenaldia); 16-15; 20-17; 21-18; 22-21; 25-23, 25-26 (amaiera).
Epaileak: Macias eta Ruiz. Bi minutu kaleratu dituzte Huescako Marcelo, Hackbart (2) eta Pinto; eta Anaitasunako Hector Gonzalez (2).
Gertakariak: Asobal ligako 21. jardunaldiko partida. Huescako Kirol Jauregian jokatu da 1.300 ikusleren aurrean.