INFO

Sutan dagoen Korsikara Barne ministroa bidaliko du Macronek aste honetan

Preso yihadista baten erasoak Yvan Colonna independentista korsikarra hilzorian utzi zuenetik etengabeak dira protestak irlan, eta Macron presidenteak Darmanin ministroa bidaliko du Korsikara. Suhiltzaile ala piromano gisa?

Protestak atzo Bastian (Pascal POCHARD-CASABIANCA | AFP)

Gobernu frantsesak bere Barne ministroa Korsikara bidaltzea erabaki du Yvan Colonna independentistak kartzelan hilzorian utzi zuen eraso bat pairatu ondoren etenik ez duten protesten aurrean.

Hamabi egun bete dira preso yihadista batek martxoaren 2a Arles (hego-ekialdea)  hiriko kartzelan Yvan Colonnari eraso egin zionetik, eta preso independentista korsikarrak hilzorian jarraitzen du.

Ordutik hona etengabeak izan dira protestak Korsikako irlan, azkena atzo igandean bertan.  Gendarme frantsesen eta manifestarien arteko liskarrek dozenaka zauritu eragin zituzten.  

Gobernu frantsesak Gérald Darmanin Barne ministroa Korsikara bidaltzea erabaki du.

Ministroak berak jakitera eman duenez,  Emmanuel Macron presidenteak hala eskatuta, Korsikara joango da asteazken eta ostegunean, hauteskunde presidentzialetarako kanpainaren hasieraren bezperan, irlako «indar bizien» ordezkariekin «aurrekaririk izango ez duen eztabaida ziklo bat zabaltzeko».

Bere esanetan, Parisko Gobernuak «ulertu ditu irlaren etorkizun instituzionalari, ekonomikoari, sozialari eta kulturalari buruz Korsikako hautetsien eskaerak, batez ere Gilles Simeoni Kontseilu Exekutiboaren presidentearenak».

Simeoni Korsikako abertzale apalagoen ordezkaria da, FLNC mugimendu bere garaian armatu eta egun soilik politikoarekin alderatuta. Bi aldeek itun bat sinatu zuten desadostasunak  albo batera utziaz subirotasunaren aldeko borrokaren izenean.

Hala ere, azken aldian desadostasun horiek, eta hegemoniaren inguruko lehiak, nagusitu egin dira. Colonnaren aurkako erasoak, ordea, indarrak bildu ditu.

Bazterrak nahastera?

Eta Frantzia saiatuko da, dudarik gabe, adostasun berri horiek elikatzen.  

Simeonik berak dei egin zion Jean Castex lehen ministro frantsesari neurriak har zitzan.

Gobernu frantsesak Colonnak orain arte pairatzen zuen «bereiziki seinalatutako preso-estatusa» bertan behera uzteko konpromisoa hartu zuen aurreko astean, bere zigorra Korsikan bete ahal izateko aukera emanez.

Kontua da 1998an Claude Erignac prefeta frantsesaren heriotzagatik bizi arteko kartzelarekin zigortu zuten Colonna hil zorian dagoela ospitalean.

Castex berak Erignac tiroz hiltzeagatik ere zigortu zuten Alain Ferrandi y Pierre Alessandri komando-kideak eta presoak ere Korsikara eramatea erabaki zuen.

Korsikar gehienentzat, hala ere, neurriak ez dira nahikoak eta presoak askatzea, Colonnaren erasoa aztertzeko batzorde bat eratzea eta irlaren eta Parisen artean «konponbide politiko osoa» lortzeko benetazko elkarrizketa prozesu bati heltzea exijitzen dute.

Atzo igandean milaka eta milaka manifestari atera ziren Bastia hirian. Gobernu frantsesak salatu duenez, ehunka gaztek prefetaren egoitzari eta beste eraikuntza publikoei eraso egin zieten. 67 zauritutakoen artean 44 poliziak liratezke, bertsio horri jarraituz.

Unités SG Police sindikatuak ziurtatu duenez, «matxinada baten aurrean gaude».