INFO

Bilboko aireportuak hegaztiak antzemateko radar bat jarri du martxan

Bilboko aireportuak hegazkinen aireko espaziora hurbiltzen diren hegaztiak antzemateko 3D radar bat jarri du martxan astearte honetan.

Bilboko aireportuan hegazkiak antzemateko instalatu duten radarra. (AENA)

Aenak, Bilboko aireportua kudeatzen duen enpresa publikoak, ohar baten bidez jakinarazi duenez, astearte honetatik aurrera aireportu bizkaitarrak hegazkinek erabiltzen duten aireko espaziora hurbiltzen diren hegaztien mugimenduak antzemateko 3D radar sistema bat izango du. Gainera, Aenak azpimarratu du, kudeatzen dituen aireportuen artean, ezaugarri hauetako lehen radarra dela Bilbokoa.

Izan ere, Loiuk arazo ugari izan ditu azken urteetan aire espaziora sartu diren hegaztiengatik, saiengatik zehazki eta, duela lau urte, ondoko herrietako alkateek neurriak galdegin zizkioten aireportuari saiekin izandako gertakariak ez errepikatzeko.

Hala ere, radarra ez da hegazti hauen joan-etorriak mugatzeko aireportuak hartzen duen lehenengo neurria. Aireportuak aireratze eta lurreratze pisten gainetik hegan egiten duten belatzak baititu. Belatz hauek bestelako hegaztiak uxatzeko erabiltzen dituzte.

Orain instalatu berri duten 3Dko radar sistema berdina erabiltzen dute Berlin, Frankfurt eta Amsterdamgo aireportuetan ere. Hori horrela, inguruko fauna detektatzeko eta hegaztiek aire operazioetan izan dezaketen arriskua murrizteko erabiltzen dituzte radarrak.

Sistemak 850.000 euroko kostua izan du eta honek eskainiko duen informaziotik abiatuta, inteligentzia artifizialaz eta datuen analisiaz baliatuz, hegaztien ibilbideak ezagutu ahalko dituztela aurreikusten dute, baina oraindik hilabete batzuk beharko dituzte lehen emaitzak jasotzeko.

«Radarra instalatu ondoren, Aenako teknikariei eta kudeaketako langileei formakuntza emango zaie, eta 2023ko lehen hiruhilekora arte probatuko da modu eraginkorrean. Horretarako, lehen hilabeteak datuak batzeko erabiliko dira. Horregatik, radarra erabiltzen hasten denetik, gutxienez, bost hilabete pasatu beharko dira lehen emaitza operatiboak jasotzeko», azaldu du AENAk.