EH Bilduk mailegu bigunak eta diru-laguntza zuzenak proposatu ditu gerraren ondorioak arintzeko
EH Bilduk hainbat neurri proposatu ditu Gasteizko Legebiltzarrean Ukrainako gerraren ondorio sozioekonomikoak arintzeko, lau ardatzen baitan: ekonomiaren babesa, enpleguaren babesa, ongizate energetikoaren babesa eta, «finean, jendearen babesa».
EH Bilduk proposamen sorta bat ipini du gaur mahai gainean Ukrainako gerrak euskal enpresengan zein familiengan eragindako ondorio sozioekonomikoak arintzeko asmoz, eta helburu horrekin batzorde berezi bat sortzea proposatu du Gasteizko Legebiltzarrean, «gerraren ondorioei aurre egiteko neurriak partekatzeko eta herri bezala elkarlanean aritzeko».
Proposamen hori ostegun honetan bertan eztabaidatuko da osoko bilkuran eta, Nerea Kortajarenak adierazi duenez, «ulergaitza litzateke beste taldeek atzera botatzea, salbuespeneko egoera honetan, ezegonkortasuna, beldurra eta segurtasun falta dagoen garai honetan, jendeak ziurtasunak behar dituelako, eta ordezkari politiko eta instituzional ezberdinok egin dezakegun ekarpena elkarrekin aritzea da, guztion artean, herri bezala, erabakitzeko nola aurre egin gerrak sortu duen errealitate gordin horri».
Kortajarenak Urkulluk duela egun gutxi esandakoa ekarri du gogora: «Gerra ekonomia baterako prestatu behar dugula esan zuen, eta ematen du modu horretan herritarrei murrizketak pairatzeko eta gerrikoa estutzeko prestatu daitezela esaten ari zaiela».
«Guk, ordea, argi dugu gerraren ondorioen zama ezin dugula herritarren eta enpresen bizkar utzi, zama hori jasanezina baita. Gerraren ekonomiaren aurrean, guk bakearen, babesaren eta segurtasun bitalaren ekonomiaren alde egiten dugu, ekonomia, enplegua eta ongizatea babesteko eta energiarako sarbidea bermatzeko», gaineratu du.
Neurrien ardatzak
Hala, babes eta ziurtasun esparruak bermatzea helburu, EH Bilduk hainbat neurri proposatu ditu lau ardatzen baitan: ekonomiaren babesa, enpleguaren babesa, ongizate energetikoaren babesa eta, «finean, jendearen babesa». Hala azpimarratu du Iker Casanova legebiltzarkideak.
EH Bilduk mailegu bigunen lerro bat sortzea proposatu du, sektore elektro-intentsiboetan aritzen diren enpresentzat, bereziki prezioen gorakadaren ondorioz zailtasunak dituztenentzat. Eta laguntza zuzenak eskatu ditu erregaiekiko menpekotasuna duten sektoreentzat. Era berean, funts berezi bat sortzea proposatu du «krisiaren ondorioz jarduna eten behar izan duten enpresentzat».
Gainera, Aldi Baterako Enplegu Erregulazioak eta autonomoentzako babes mekanismoak epe mugarik gabe luzatzea defendatu du, eta bonu bat sortzea galdara komunitarioen gas fakturaren ezohiko igoera konpentsatzeko. EH Bilduren ustez, «bono horiek gutxieneko ongizate energetikoa bermatzeko beharrezkoa duten erabiltzaile guztiei zabaldu behar zaizkie», esan du.
Laguntza lerro berezi bat proposatu du ere, gas galdarak kentzen joateko eta, horien ordez, berokuntza sistema alternatiboak ipintzeko, aerotermia, adibidez. Eta gasa elektrizitatearen prezioa ezartzeko sistematik kanpo utzi behar dela ohartarazi du. «Horrek prezioa jaistea ekarriko luke automatikoki».
Casanovak azaldu duenez, «Administrazioak mekanismoak ezarri behar ditu konpainia energetikoek gehiegizko etekinak, zilegi ez direnak, itzul ditzaten. Horrekin lotuta, zergak igo behar zaizkie argindarraren garestitzea konpentsatzeko».
Amaitzeko, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren eta gainontzeko prestazio sozialen zenbatekoaren berreikuspen «urgente bat» eskatu du, eta prestazio guztietarako sarbidea malgutzea proposatu du. «Gehienezko diru-sarreren langa igo behar da, babes sistema herritar gehiagorengana iritsi dadin», azpimarratu du.