INFO

Ipar Euskal Herriko gizon homosexualek ez dute abstinentzia-aldirik bete beharko odola emateko

Asteazken honetatik aurrera Ipar Euskal Herriko gizon homosexualek gainerako herritarrek egiten duten modu berean eman ahalko dute odola, murrizketa berezirik gabe. Izan ere, orain arte ezartzen zitzaien lau hilabeteko abstinentzia-aldia betetzek beharra kendu du Osasun Ministerio frantsesak.

Aurrerantzean, Estatu frantses osoan odola ematen duten gizon homosexualek ez dute gainerako herritarrekiko diskriminaziorik jasango. (Cezaro DE LUCA | EUROPA PRESS)

Frantziar Estatuko Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, asteazken honetatik aitzina gizon homosexualek gainerako herritarrek dituzten irizpide berdinak beteta eman ahalko dute odola, berariazko murrizketarik gabe. Hori horrela, ez dute orain arte exijitzen zitzaien lau hilabeteko abstinentzia-aldia bete beharko.

1983tik 2016ra arte Estatu frantsesean gizon homosexualei ez zitzaien odol dohaintzak egiten uzten. 2016an, legedia aldatu zen, baina murrizketa bereziak ezartzen zitzaizkien oraindik gizon homosexualei. Izan ere, urte batez sexu-harremanik gabe egotera behartzen zituzten odola eman nahi baldin bazuten.

2019an, sexu-harremanik gabeko tarte hori lau hilabetetara murriztu zen, emailearen sexu-orientazioa erregistratzen zuen aurretiko elkarrizketa baten ostean.

Hemendik aurrera, beste edozein herritar heterosexual bezala, bazterketa-irizpide bakarrak drogen kontsumoan edo bikote aunitzekin izandako preserbatiborik gabeko sexu-harremanetan oinarrituko dira.

Hala ere, galdeketa horretan giza immunoeskasiaren birusari (GIB) buruzko galdera berriak sartu dituzte. Hala nola, GIBa izan zezakeen arrisku kontakturen batekin egon aurretik edo ostean kontsumitutako medikamentu prebentiboen erabilerari buruzkoak. Emaileak GIBa tratatzeko farmakoak hartu dituela baieztatzen badu, odol ematea lau hilabete atzeratuko da.