INFO

Sei finantza erakundek euskara planak garatuko dituzte Lakuaren laguntzarekin

Bankoa Abanca, BBVA, Caixabank, Kutxabank, Laboral Kutxa eta Rural Kutxak ituna sinatu dute Lakuarekin, «bezeroei arreta berak aukeratzen duen hizkuntzan eman ahal izateko eta euskara lan hizkuntza izateko». Finantza erakundeek euskara planak garatuko dituzte, Gobernuaren aholkularitzarekin.

Ituna sinatu duten sei finantza erakundeetako ordezkariak, Bingen Zupiria Lakuako Gobernuko bozeramailearekin, ekimenaren aurkezpenean, Bilbon. (IREKIA)

«Euskararen erabilera sustatzeko eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko» asmoz, hitzarmena sinatu dute Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailak eta sei finantza erakundek. Bankoa Abanca, BBVA, Caixabank, Kutxabank, Laboral Kutxa eta Rural Kutxa dira.

Guztien ordezkariak bildu dira asteazken honetan Bingen Zupiria sailburuarekin, Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan egin den prentsaurrekoan, ekimena aurkezteko.

Zupiriak azaldu duenez, Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko 2020-2023 Planak eta hamabigarren Legealdirako Gobernu Programak euskararen ezagutza areagotzeko konpromisoa zehazten dute, batez ere euskaren erabilera bultzatzeko jendartean eta kulturan, ekonomian, mundu digitalean eta sektore publikoan. 123/2008 dekretuak, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzkoak, bestetik, herritarren hizkuntza eskubideen bermea jasotzen du.

«Finantza erakundeei zuzenean eta zeharka eragiten die honek guztiak eta erakunde sinatzaileek bezero eta erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena ematea eta haien beharrak asetzea dute helburu», agertu du. Erantsi du, besteak beste, euskararen kudeaketa egokia eginez hurbilduko direla xede horretara.

Azken bost urtetan maizago egin dituzte jarraipen batzordeak, eta akordioa berritzeko konpromisoa elkarrekin hartu zutenetik, 2021az geroztik, lankidetzarako foroak ugaritu dituzte. Finantza entitateekiko lankidetza indartzeko, zerbitzu teknikoa jarri zuen iaz abian Kultura eta Hizkuntza Politika sailak. «Praktika onak partekatzea eta finantza entitateek dekretuaren betetze maila areagotzeko beharrezko dituzten baliabideak ematea izan da foro edo lan talde hauen egitekoa», esplikatu du Gobernuaren bozeramaileak.

Konpromisoak

Bost konpromiso nagusi hartu dituzte finantza erakundeek. Ondokoak dira: «Herritarren hizkuntza eskubideen alorrean elkarlana zehaztu eta egonkortzea; euskararen aldekotasuna adierazten duten ekimenak sustatu eta horietan aktiboki parte hartzea; erakundeetan euskararen erabilera normalizatzeko plana egin eta bideratzea; herrietako euskara zerbitzuekin, UEMArekin eta Eudelekin lankidetza bilatzea; eta bezeroekiko harremanetan hizkuntza eskubideak bermatzen ahalegintzea».

Sailburuak nabarmendu duenez, hitzarmen honek badu aurrekotik berrikuntza esanguratsu bat: «Finantza entitate guztiek hartu dute konpromisoa euskara euren erakundeetan sustatzeko: barrura begira (lan hizkuntza) nahiz kanpora (zerbitzu hizkuntza). Horretarako, guztiek hartu dute konpromisoa erakundean euskara plana egin eta garatzeko».

Prozesu horretan, Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren aholkularitza izango dute, zerbitzuen eskaintza elebiduna pixkanaka-pixkanaka handitu eta euskara lan hizkuntza gisa garatzeko xedearekin.

Ituna lau urtez egongo da indarrean eta bat egin nahi duen beste edozein finantza erakundek ere izango du horretarako aukera. Batzorde bat arduratuko da jarraipena eta ebaluazioa egiteaz eta Hizkuntza Politikako sailburuordetzak jarritako zerbitzu teknikoaren bidez egingo da urtean urteko lanerako plana, entitate bakoitzaren beharrei erantzuteko sortua.