INFO

EH Bilduk gasaren faktura murrizteko mozio bat aurkeztu du Bilboko Udalean

Galdara komunitarioak azken errekurtsoko tarifa arautuan sartzeko ekimenak aurkeztu ditu EH Bilduk. Alderdiak azaldu duenez, fakturaren tarte finkoa «5 edo 10 aldiz handitu» da.

Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotzia. (EH Bildu)

EH Bilduk mozio bat aurkeztu du Bilboko Udalean, galdara komunitarioei azken baliabideko tarifan sartzeko aukera emateko, gasaren faktura murriztu ahal izateko. Alderdi abertzalearen ustez «kezkagarria» da azken hilabeteetako energiaren prezioen igoera, Ukrainaren inbasioaren eta Errusiari ezarritako zigorren ondorioz oraindik gehiago igo baita.

Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, bizi dugun testuinguruaz gain, Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren araudiak egoera «larriagotu» egin du. Izan ere, urriko ebazpen batek azken errekurtsoko tarifa araututik kanpo uzten ditu urtean 50.000 Kwh baino gehiagoko kontsumoa duten instalazioak. Erabaki horren ondorioz, galdara komunitarioak, auzokide askori zerbitzua ematen dietenak, merkatu arautura sartu ezinik geratu dira, eta merkatu librera jo behar izan dute.

«Kontuan izan behar da berokuntza modu hori ohikoena dela babes ofizialeko etxebizitzen eraikinetan eta, beraz, eragin horrek bete-betean jotzen dituela teorian eskuragarriagoak izan beharko luketen etxebizitzak eta zaurgarritasun egoeran dauden familiak», azaldu du zinegotziak. «Ondorioz, fakturaren tarte finkoa 5 edo 10 aldiz handitu da», gaineratu du.

Aldi berean, trantsizio energetikoaren prozesuak bizkortzeko asmoz, EH Bilduk proposatu du hurbilen dauden erakundeek eraikinetan eraginkortasuna eta energia aurreztea hobetzeko neurriak edo programak indartzea edo zabaltzea.

Bilboko Udalaren kasuan, Hiri Berroneratze Sailak, Surbisaren bidez, energia eraginkortasuna hobetzeko jarduerak diruz laguntzen ditu baina, Fatuarteren iritziz, Udalak «ahalegin gehiago» egin behar du: «Beharrezkoa da aurrekontu partida hori funts gehiagorekin indartzeaz gain, diru-laguntza horiek herritarrentzat erakargarriagoak eta eskuragarriagoak izatea, bai diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko aurrekontu babesgarriaren ehunekoa, bai etxebizitza bakoitzeko gehienez jaso daitezkeen zenbatekoak handituz».

Zinegotziaren iritziz, Bilboko Udalak esku hartu behar du galdara komunitarioak dituzten eraikinetan bizi diren bilbotarren «egoera bidegabea» konpontzeko ardura: «Banakako sistema duen etxe batentzat zaila bada igoera horiei aurre egitea, askoz zailagoa da etxebizitza horientzat. Neurriak hartu behar dira».