INFO

Ukrainatik etorritako 350 errefuxiatu inguru iritsi dira jada EAEra

Xabier Legarreta Lakuako Migrazio eta Asilo zuzendariak Radio Euskadin ostegun honetan azaldu duenez, Ukrainatik etorritako 350 errefuxiatu inguru iritsi dira jada EAEra Errusiaren erasoa hasi zenetik.

Oñatiko Larraña etxean aterpe hartu duten errefuxiatu ukrainarrak. (Raul Bogajo | FOKU)

Ukrainatik etorritako 350 errefuxiatu inguru iritsi dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara Errusiaren erasoa hasi zenetik. Hala adierazi du ostegun honetan Xabier Legarreta Gasteizko Gobernuko Migrazio eta Asilo zuzendariak Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean.

Lakuako ordezkariak azaldu duenez, gaur egun zaila da EAEra iritsi diren errefuxiatuen kopuru zehatza ematea; izan ere, erkidegoan bizi ziren ukraniarrek -3.500 pertsona inguru- beraien etxeetako ateak zabaldu dituzte errefuxiatuei laguntzeko, askotan erakundeei jakinarazi gabe.

Halaber, Ukrainatik datozen beste familia batzuk azken hamarkadetan Txernobilgo haurrak hartu dituzten euskal familiekin bizi dira, beraiekin dagoeneko harreman zuzena zutelako.

Gainerakoentzat, erakundeek baliabide ezberdinak prestatu dituzte Oñati eta Irunen, esaterako, eta milaka lagunek beraien etxeak eskaini dituzte Ukrainatik alde egin duten errefuxiatuak hartzeko.

Legarretak eskerrak eman dizkie pertsona horiei eta errefuxiatuak ekartzeko beraien autoekin Ukrainako mugaraino bidaiatzen dutenei ere, erakutsitako elkartasunagatik.

Hala ere laguntza hori GKEekin eta erakundeekin koordinatu behar dela gogoratu du. Izan ere, «harrera sistema antolatzea da orain lehentasuna, inor kalean gera ez dadin».