INFO

Pello Apezetxea euskaltzain, etnologo eta idazlea hil da

Euskal kulturaren alde lan eskerga egin ondoren, 89 urte zituela ostegun honetan hil da Pello Apezetxea. Ohorezko euskaltzaina zen, beste gauza askoren artean.

Pello Apezetxea, Txondorra saria Joseba Asiron Iruñeko alkatearen eskutik jasotzen, 2018. urtean. (Iruñeko Udala)

Euskara, euskal kultura, etnologia, etnografia eta beste jarduera batzuk landu dituen Pello Apezetxea Zubiri hil da ostegun honetan. Goizuetarra zen jaiotzez (1932. urtean) baina Etxalarren eman du denbora asko eta bertan lurperatu dute. Bertako elizaren ondoko hilarriak berreskuratzeko ahalegin handia egin zuen Apezetxeak, besteak beste, duela 60 urtetik hona. ‘Etxalarko hilarriak’ liburua utzi du, horretan sakonduz.

Apaiza zen Pello Apezetxea (Etxalarren jardun du azken sei hamarkadotan) eta Herria 2000 Elizako kide, bai eta Usoa nekazari kooperatibaren sortzaileetakoa ere. Baina euskararen eta bereziki tokiko euskarazko hedabideen aldeko lana nabarmendu behar da. 2006an euskaltzain oso izendatu zuten. Eta urte askotan izan da toki hedabide horiek biltzen dituen Ttipi-Ttapa federazioaren presidente.

Jasotako sarien artean Iruñean Olentzeroen lagunek emandako Txondorra izenekoa aipa daiteke, 2018. urtean Joseba Asiron alkatearen eskutik jasotakoa. Herri kulturaren alde eginiko guztia eskertu nahi izan zuten horrekin.

Goizuetan sortu ondoren Nafarroako hiriburuko Seminarioan egin zituen ikasketak Apezetxeak, baina gero beti Etxalarrekin oso estuki lotua izan da eta bertan geratuko da betirako. Gaur ostiralean, arratsaldeko 17.00etan, egingo dira elizkizunak, hainbeste maite eta zaindu izan duen elizan.