INFO

Errusiaren baldintzak: Ukrainak NATOri uko egitea eta errusiar hizkuntza babestea

Errusiako Atzerri ministroak larunbat honetan esan duenez, Ukrainarekin bake akordioa lortzeko ezinbestekoa da Kievek NATOn sartzeko asmoei uko egitea. Gainera, errusiar hizkuntza eta errusiarra erabiltzen duten komunikabideak babestuko dituen lege bat sortzea exijitu du.

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa. (Maxim SHEMETOV | AFP)

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak larunbat honetan berretsi duenez, Ukrainarekin bake akordioa lortzeko ezinbestekoa da Kievek NATOn sartzeko asmoei uko egitea. Halaber, «segurtasun bermeak» bermatu behar direla ohartarazi du, eta Ukrainan errusiar hizkuntza eta errusiarra erabiltzen duten komunikabideak babestuko dituen lege bat sortzea exijitu du.

Ministroak aste honetan bertan adierazitako kexak errepikatu ditu TASSek jasotako adierazpenetan. Izan ere, ostegunean salatu zuenez, Ukrainako agintariek «Konstituzioaren aurkako lege asko onartu dituzte, herrialdeko toki askotan hitz egiten den errusiera nabarmen diskriminatzen dutenak».

Lavrovek azaldu duenez, azken egunotan Ukrainarekin izandako elkarrizketek hobera egin duten arren, Kievek ez ditu onartu Moskuk mahaigainean jarritako baldintzak. Eta haren ustez, ezezko horren atzetik AEB eta Europako zenbait estatu daude.

«Legezko betebeharrak ez dira gure mendebaldeko lankideek egun hauetan errespetatzen duten zerbait. Errugabetasun-presuntzioa, jabetza pribatu sakratua eta 'balio liberalen' aurka jo dute aspaldidanik», azpimarratu du.

Errusiaren eta Txinaren arteko lankidetza

Haren ustez, «mespretxu» horrek Errusiaren eta Txinaren arteko lankidetza indartuko du, aliatu ekonomiko handia baita. «Lankidetza hori indartu egingo dela uste dut; izan ere, Mendebaldea nazioarteko sistemaren oinarri guztiak larriki kaltetzen ari den une honetan, munduan nola jarrai dezakegun pentsatu behar dugu», adierazi du.

Errusiako diplomaziaren buruak ziurtatu du Errusiak Mendebaldearekin lankidetzan aritzeko prest jarraitzen duela, baina ez duela ekimena hartuko. «Zabalik jarraitzen dugu edozein herrialderekin lankidetzan aritzeko, Mendebaldeko Estatuekin barne, baina gaur egungo baldintzetan, ez dugu inolako ekimenik hartuko».