INFO

Euskara eta eskola publikoa ardatz dituen hezkuntza itunaren babes zabala nabarmendu dute

Hezkuntza legearen oinarrien inguruko akordioa txalotu dute gaur lau alderdi sinatzailek. Haren edukiak nabarmendu dituzte, euskara eta eskola publikoa ardatz izango dituen sistema finkatzen duelako, eta lortutako babes politikoa azpimarratu dute, legebiltzarkideen %90 baino gehiagoren babesa baitu.

Ostiral honetan Gasteizko Legebiltzarrean izandako bilera. (Endika PORTILLO | FOKU )

Hezkuntza lege berri baterako oinarrien inguruan EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk erdietsitako akordioaren garrantzia azpimarratu dute gaur lau alderdi horiek, duen babes politiko zabala nabarmentuz. Euskara eta eskola publikoa ardatz izango dituela ere azpimarratu dute.

Lortutako akordioak orain garatu behar den legearen oinarriak jasotzen dituela gogoratu dute. Ildo honetan, puntu asko zehaztea lortu da, baina beste atal asko legeak berak finkatu beharko dituela aipatu dute, legearen garapenak oraindik bide luze bat egiteke daukala argituz.

Egindako ahalegina eta adostasun maila zabala aipatu dute gaur goizean lau alderdietako ordezkariek, Radio Euskadiko “Parlamento en las Ondas” saioan. Nabarmendu dutenez, akordioak legebiltzarkideen %90 baino gehiagoren atxikimendua du, «paisaia politikoan oso ohikoa ez dena».

Gakoa, ikasleek lortu behar duten maila

Era berean, euskarak lege berrian jokatuko duen papera eztabaidaren puntu nagusietako bat izan da. Euskara ardatz izango duen eredu eleanitza aipatu dute sinatzaileek. Pello Otxandiano EH Bilduko ordezkariak azaldu duenez, murgiltze eredua horrela jasota agertzen ez bada ere, gakoa «hizkuntza ereduen paradigma gainditu» eta DBH amaitzean ikasleek izan behar duten hizkuntza maila (B2 maila) dela azaldu du. «Nahitaez euskara ardatz duten murgiltze ereduak ezarri beharko dira», esan du Euskadi Irratiari emandako elkarrizketan.

Ildo beretik, ikastetxe bakoitzaren hizkuntza-proiektuak B2 (euskaraz eta gaztelaniaz) eta B1 (hirugarren hizkuntza batean) izan behar ditu erreferentziatzat, Ikoitz Arrese koalizioko parlamentariak adierazi duenez, ikasle guztiek oinarrizko hezkuntza bukatzean bi hizkuntza ofizialetan gaitasun nahikoa izan dezaten bermatze aldera.

Euskararen arloa ez da izan, halere, desadostasun nagusien arrazoia, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak adierazitakoaren arabera. Hizkuntza ereduaz «oso argi eta nahiko itxita» dagoela adierazi du, eta ikastetxeei ematen zaien «gaitasuna eta ahalduntzea» aipatu ditu, ikaslea ardatz hartuta ikastetxe bakoitzak hizkuntza-proiektua egin beharko baitu, ebaluatu egingo beharko dena eta ikaslearen irteera-profila lortu beharko duena.

Bildarratzen iritziz, bestalde, akordioak argi uzten du funts publikoekin lan egingo duten ikastetxe guztiek «erantzukizun berdinak» izango dituztela eta eskola publikoa dela «hezkuntza-sistemaren funtsezko alderdia», itunpeko eskolarekin osatua, eta «gure ardatza zentroa eta kezka ikaslea» dela erantsi du.

Alberto Alonso PSEko parlamentariak lortutako akordioa ez dela «batzuena edo besteena, guztiona baizik» nabarmendu du, eta eskola publikoa sistemaren ardatz egituratzaile gisa kokatzen dela azpimarratu du.

Ildo beretik, eskola publikoa akordioaren erdigunean dagoela azpimarratu eta erdietsitako akordioa «herri akordioa dela» esan du Isabel Gonzalez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak. Erantsi duenez, eskola publikoa «arlo guztietan indartuko da», aurrekontua eta plantillak indartzea barne.

PP+Cs izan da akordioaren kontra azaldu den alderdi bakarra, EH Bilduren postulatuen aurrean men egiten duen ituna dela argudiatuta.

Akordioa lortuta, EH Bilduko ordezkariek azaldu dute Mahai Poltikoak balorazioa egingo duela astelehenean eta hurrengo larunbatean, hilaren 26an, oinarriek berretsi beharko dutela.

Lehen itun hori erdietsita, aurretik dauden epeez Bildarratzek argitu du akordioa hurrengo martxoaren 28an onartuko dela batzordean eta apirilaren 7an, osoko bilkuran. Handik Gobernu Kontseilura joango da, talde parlamentarioen eztabaida abian jarriz, eta lege proiektua hurrengo urteko udaberrirako egon daitekeela aurreratu du.

ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuek martxoaren 25erako grebaren inguruan, testua ezagutu gabe egindako deialdia birpentsatzeko eskatu die Hezkuntza sailburuak, «planteatzen ari diren aldarrikapenetako asko badaudelako akordioan jasota».