INFO

Gazteek Gasteizko kaleak hartu dituzte Zartada ekimenaren harira

Ehunka gaztek Gasteizko kaleak hartu dituzte asteburu honetan Zartada ekimenean parte hartzeko. Ekimen honen helburua «egun bizi dugun testuinguruari gazte ikuspegitik erantzun bateratu bat» ematea da. 

Gasteizen larunbat honetan izandako manifestazioa. (Endika PORTILLO | FOKU)

Asteburu honetan ehunka gazte biltzen ari dira Gasteizen Zartada ekimenean parte hartzeko.  Haren helburua, «egun bizi dugun testuinguruari gazte ikuspegitik erantzun bateratu bat» ematea da.

Zartada, «egungo sistemak hamaika zapalkuntza eragiten digulako eta gazteon bizitzaren prekarizazioa eguneroko ogi bilakatu delako» sortu dela azaldu dute ekimeneko kideek, eta gaineratu dute koronabirusaren pandemiaren gestioak eragindako egoerak «aurreko guztia areagotu besterik» ez duela egin.

«Egoera honen aurrean arrakalak sortu eta beste eredu bat posible dela» ikustarazi nahi du Zartadak, «hamaika aldarri» plazaratuz.

Hala, ostiralean gazte botereari buruz hitz egin eta gazte mugimenduaren egoera aztertu zuten, «kontzientziatik antolakuntzara». Hainbat gaztetxeetako kideek ere parte hartu zuten, eta tailerrak egin zituzten.

Larunbat honetan, hezkuntzari eta borroka ekologistari buruzko mahi-inguruak izan dira; etxebizitzaren egoera jorratu dute eta jai herrikoiei buruz hitz egin dute. Arratsaldean mobilizazio bat izan da, Artium Museotik abiatuta.

Lanari segida ematea

Eta bihar, igandean, asanblada orokorra egingo dute, etorkizunera begira eman beharreko pausuei buruz eztabaidatzeko. Zentzu honetan, Zartadako kide batek NAIZi azaldu dionez, beraien helburua duela bederatzi hilabete martxan jarritako lanari segida ematea da.

«Jarraipen bat izan nahi dugu, baina oraindik ez dakigu zer formarekin. Gure nahia, eragile ezberdinen arteko harremanak gazte olatu bat artikulatzeko erabiltzea da», adierazi du.

Zartadaren oinarriak batasuna eta elkarlana dira: «Atomizazio egoera batean gaude, eta batasuna eta elkarlana inoiz baino beharrezkoagoak dira».