INFO

Hondartza-arkitekturan, irudirik ez


Aurrekoan, ‘hondartza efektua’ esaten genion oraindik guztiz arautu gabe, etengabe moldakor ulertzen ditugun espazio eta tokien ezaugarriari. Hondartzaren lezioak arkitekturan txertatzeko erronkan, datozen lerroetan beste urrats bat emateko asmoz, lehenik Alan Paulsen ‘Andar descalzo’ liburuari tarte bat eskainiko diogu. Paulsek hondartzaren esperientziari eskaintzen dizkio eleberri-entseguaren orrialdeak. Aspektu ezberdinak jasotzen ditu: biluztasuna, atzeragarritasuna edota paisaia izaera. Pasarte batean, ordea, honela dio: «La arena y el mar toleran mal la actualidad de las imágenes, no su potencia». Autoreak dio hondartzarekin egiten dugula amets, hain zuzen ere, hondartza, irudiz libre den lurraldea delako, hots, hondartzak ez duela irudi finkorik eta, hortaz, etengabe aldakorra dela. Beste muturrean, autoreak, mendiak eta basoak jartzen dizkigu. Horiek xehetasun osoz proiektatzen dute irudi dramatikoena, geurean, akaso, nostalgikoena.

Irudi harrapaezina du hondartzak Paulsen iradokizuna onartzen baldin badugu. Aldiz, imajinazioaren potentzia astintzen du ezaugarri horrek.

Aspaldi dabil arkitektura irudi dramatiko edota nostalgikoen sareetatik irteteko saiakeran. Ohikoa da arkitektura baten proiektazio prozesua aurrera doan heinean, eskatzaileak infografia baten beharra erreklamatzea. Eskaera horrek sarri gehitzen du: «eraikina nolakoa izango den imajina dezagun». Kontrako efektua lortzen da gehienetan, imajinazioa eragin beharrean frustrazioa edota estilo eta gustuen arteko azaleko eztabaida sustatzen dute fikziozko arkitekturen irudi bukatuek, argazki finkoek. Fikziozko irudia (infografia edota renderra) nagusitu da beste begirada mota batzuen gainetik azken garai luzean. Irudi-gaindosi bat da, oraindik, egungo arkitekturan paradigma berri gisa saltzen dena; maskarak, azalak eta apaingarriak hamaika, baina potentziarik ez.

Deriba horretan sartu baino lehen, eskuz irudikatzen zen arkitekturak oraindik ere hondartzaren ametsa gogorarazten digu. Ez dakigu, aldez aurretik, zer-nolako ehundura edo kolorea izango duen arkitektura horrek. Aldiz, espazioen potentzia erakusten du, irudikatzen du esperientzia bat, norberak eraikiko duena.

Horren adibide garbia da 1988an Josep Lluis Mateok zuzentzen zuen ‘Quaderns d´arquitectura i urbanisme’ aldizkariak proposatu zuen ‘Habitage i ciutat’ lehiaketa. Bartzelona, Olinpiar Jokoen aitzakiapean, eraldaketa handiak jasateko bidean zen. Ziurrenik, aurreikusten ziren proposamenei erantzuteko asmoz zabaldu zen lehiaketa. Irabazi ez zuten bi proiektu bisitatuko ditugu. Lehena, Iñaki Abalos eta Juan Herrerosek proposatu zutena. Haien proposamenak arkitektura tertziarioa erakartzen du etxebizitza tipo berri bat eratzeko; bulegoek onartuta zituzten malgutasun estrategiak etxe formatura eraman nahi zituzten. Arkitektoek honela zioten proposamena deskribatu nahian: «Barrer la casa, eliminar todos los obstáculos indeseables: la vivienda individual es lo que queda confinado entre dos franjas horizontales vacías que alimentan artificialmente el espacio interior y dos filtros dobles de vidrio que regulan los intercambios naturales. En el interior, todo se desplaza de lo inamovible (edificio) a lo móvil (mobiliario), acercándose cada vez más al modelo que proporciona la oficina: columnas ocasionales al servicio de las imprevisibles demandas de privacidad». Erronka betetzeko, proiektuak, soilik, fatxadako itxiturak eta instalazioen teknologiak definituko ditu. Hori horrela, aurreikusiko dute biztanleak emango diola nahi adina forma norberaren etxeari.

Bestalde, W.J. Neutelings, A. Wall, X. De Geyter eta F. Roodbeenek egin zuten proiektuak habitatzeko sistema ebolutibo bat azaltzen du. Hondartzak dira etxeak, irudi finkorik gabeko espazioak. Eraikinaren egitura eta elementu finkoak –sukaldeak eta bainugelak oro har– ertzetara desplazatzen dituzte. Ertzotan kokatzen da egitura. Modu horretan, etxeko bestelako azalera osoa espazio huts eta moldakor bezala agertzen dute. Zola neutro horrek ez du ehundura finkorik, oraindik kolorerik ere ez. Paulsen hondarra eta itsasoa da eta, berak dioen bezala, ez du onartzen irudirik, soilik espazioaren potentzia. Zola horrek hornitzen baitu etxeak jaso ahal ditzakeen aldaketak eta potentziak. Zola horren barruan agertzen dira teknologiak, altzariak eta banaketak egiteko egitura arinak. Bizitza eta lana uztartzeko moduko espazioak agertzen zaizkigu marraztuta. Arkitektoek, ‘Filter House’ izendatu zuten proposamena.

Gonbidatu ditugun bi proiektuek ez dute irudi finkorik eraikitzen, Paulsen hondartzan bezala, ez dago irudi bukatu baten ‘salmenta’. Aldiz, etxeak apropiatzeko estrategiak proposatzen dituzte batak zein besteak. Bigarren kasuan, kalearen eta etxearen artean filtro bat ezartzen dute, tarte horretan –atari klasikoan– baitago harremanak egingo diren eremua. Atariaren –arkitekturaren– porositateak ezaugarrituko du hondartza-arkitekturaren beste alor nagusi bat. Baina hiri-porotsua azaltzeko beste gonbidatu batzuk izango ditugu datorren aldian.