Suitzako glaziar batean agertutako gorpuek Zuberoara eraman dute Patxi Zubizarreta
Patxi Zubizarretak ‘Zerria’ lana aurkeztu du Donostian. Gaur egun Alpeetako glaziar batean agertutako gorpu batzuen bidez «memoria ariketa» bat egin du, erantzuna Zuberoan topatu arte, XIX.mendean. 2021eko Lizardi saria jaso du lanak.
Donostiako Udal Liburutegian Patxi Zubizarretaren ‘Zerria’ lan berria aurkeztu dute, Erein argitaletxearen eskutik. 2021eko Lizardi saria irabazi duen eleberriaren plazaratzean, Ordizia eta Gasteiz artean hazitako idazlearekin batera, azala eta barruko ilustrazioak egin dituen Antton Olariaga eta Inazio Mujika editorea izan dira.
Zubizarretak azaldu duenez «memoria ariketa bat» egin nahi izan du lan honekin eta horretarako Kanada eta Mexiko artean migratzen duten monarka tximeleten kasua ekarri du gogora, zeintzuek haien bidean aspaldi existitu zen baina gaur egun ez dagoen mendi bat inguratzen duten.
Hala ere, tximeleta ez, ‘Zerria’ da lanaren izenburua. «Liluratuta geratu nintzen jakitean txerri bat etxe batean sartu, seaska irauli eta bertan zegoen haurra jan zuela. Txerri hori epaitu eta hiltzera kondenatu zuten. Jabeak hiltzera ez, baina ikustera kondenatu egin zituzten, baita ingurutako txerri eta jabe guztiak ere. Eszena ikaragarria iruditu zitzaidan».
Horrekin batera, glaziarretako urtze nabarmenak direla-eta, gorpuak agertzen ari direla ekarri du gogora idazleak. Eta gorpu hauek istorioak dituztela haiekin. Mujikak azaldu duenez, istorioa gaur egun hasten da, arranoa eta erbinudearen metafora batekin, baina segituan sartzen dira glaziarrak aztertzen dituzten bi zientzialari. «Gorpu batzuk deskubritu ditut, bi gutxienez, Tsanfleuron glaziarrean», esaten dio batak besteari. Suitzan, beraz. Baina istorioak XIX. mendera garamatza eta Alpeetatik Piriniotara, Zuberoara zehazki.
Bi gorpu eta objektu horien nondik norakoak argitea eta azaltzea da liburuaren muina. «Ordu ilunak, ilunbarren orduak bizi ditugu. Frantsesezko esaera batek dio animalia bat datorrela baina ezin dela bereizi txakurra edo otsoa den. Orain otsoa datorkigu. Gerra giro honetan gizakia depredatzaile, otso bihurtu delako», gehitu du Zubizarretak.
Lizardi saria
13-17 urte arteko gazteentzat bideratutako lanak 2021eko Lizardi saria jaso du. Apirilaren 2an, Zarauzko udaletxean, egingo da ekitaldia. Adin tarte horrentzako baldin bada ere, editoreak azpimarratu du «guztiontzat» dela. «Helduentzako da. Jende arruntarentzat. Hemen gauden guztiontzat eta baita ere 13-17 urtekoarentzat. Harribitxi bat da. Patxi Zubizarretaren biografian eta euskal literaturaren alorrean, harribitxia. Aurrekoarekin, ez hautsi, baina bai istorio ezberdin bat dakarrela. Modu metaforikoan hitz egiten digu, jakinminak garamatza istorioan barrena, harrapatu egiten gaitu», adierazi du.
Sari honek suposatu diona ere izan du mintzagai idazleak. «Inuitek tundran ez galtzeko harrizko monolitoak egiten dituzte, monolitoz monolitoz doaz. Lizardi saria hori da. Poz handia jaso nuen, gaixo negoen eta sendatu egin nintzen. Literaturak badu alderdi terapeutiko hori. Ikusi nuenean gazte literatura zela eta banuela istorio bat, berriz aurkeztea pentsatu nuen. Eta gozatu egin nuen». Izan ere 1991an ‘Matias Ploffen erabakiak’ lanarekin ere poltsikoratu zuen eta Lizardi Saria.
Olariagaren ilustrazioak
Lana Antton Olariagak errematatu du, portada eta barneko ilustrazioak eginda, Zubizarretak espresuki eskatu eta gero. «Anttonen lana ikustea zoragarria izan zen», aitortu du.
Olariagak berak aipatu du ilustratzailek «lehia polita» izan ohi dutela testuarekin. «Idazleak bere fikzioa egiten du eta guk transmutazioa egiten dugu, hizkuntza grafikoan». Adierazi duenez, lehia horretan zailena «testuari traizioa ez egitea» da.
«Nire eskua bidaia bat egiteara joan zen eta eszena bakoitzean irudi nahasketa bat egin dut, testuak nire buruan iradokitzen duena kontuan hartuta. Bidai horren nire irakurketa propioa egin dut», gehitu du.
Nola ez, txerria ezin zen falta. «Saiatu naiz txerriaren irudia sartzen. Azken finean, txerria hain zikina eta txarra al da? Dena aprobetxatzen dugu eta oso goxoa da gainera. Gu gara txerrikumeak gu. Ez dakit Freud-i omen eginez edo, txerria akabatu behar dugu. Edipo konplexurik ote dugun. Liburuan txerriboda judizial bat agertzen da».