INFO

Egia jakiteko garaia dela aldarrikatu du Egiari Zor Fundazioak

Egiarako Eskubidearen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, Estatuaren bortxa pairatu duten biktimek aitortu gabe daudela gogorarazi du Egiari Zor Fundazioak eta ‘Egia jakiteko garaia da’ ekimena jarri dute martxan.

Egiari Zor Fundazioaren prentsaurrekoa. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Ostegun honetan Egiarako Eskubidearen Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuz, Egiari Zor fundazioak prentsaurrekoa eman du Bilbon, Euskal Herriko gatazka politikoaren testuinguruan milaka lagunek pairatu duten indarkeria gogorarazteko.

Encarnación Blanco eta Ixone Fernandez azaldu dutenez, giza eskubideen urraketa jasan zuten pertsona batzuk aitortuak izan dira eta legeak ematen dizkien eskubideak erabili ahal izan dituzte baina, ordea, «Estatuak eragindako bortxa pairatu duten gehienontzat, abiapuntua oso bestelakoa da; urte askotako ukapenaren ondoren, egin zigutenaren egia ezartzeko borrokan jarraitzen dugu, heriotza eta giza eskubideen urraketa bakoitza, salbuespenik gabe, ofizialki erroldatu, aitortu eta erreparatu dadin».

Izan ere, kasu gehienak «gertatutakoaren egia itzalez eta argitu gabeko galderez inguratuta daudela» gogoratu du Egiari Zor-ek: Aldama taberna, Irunberri, Martxoak 3, Pasaiako Badia, Jose Luis Geresta, Jose Miguel Etxeberria «Naparra», Esteban Muruetagoiena, German Rodriguez, Xabier Kalparsoro…

Nabarmendu dute giza eskubideen arloko nazioarteko legeriak eta egia jakiteko nazioarteko eskubideak ez dutela bereizketarik egiten jasandako indarkeriaren jatorriaren arabera, ezta urraketa hauek jaso zuten pertsonen kondizioaren inguruan ere. Baina, salatu dutenez, egiarako eskubidea gauzatzea «ezinezkoa da ikerketa eraginkorrarekin eta informazioa egoki bat eskuratzeko aukerarekin elkarlotuta ez badago».

«Eta hau, zalantzarik gabe, funtsezko kontua da ulertzeko zergatik gaur egun ere, Estatuak eragindako giza eskubideen urraketa eta heriotza askoren inguruan egia ezartzeko lanean jarraitzen dugun», gehitu du Fernandezek.

Gogoratu duenez, kasu horietako askori buruzko informazioa eskuratzeko aukerak frankismoaren garaiko Estatuko Sekretu Ofizialen legearengatik blindatuta darrai. «Egiarako dugun eskubidea mugatzen duen lege-mekanizmo hau Estatuaren bortxa jasan zuten pertsona askoren aitortzarako bidean oraindik ere oztopo argia izaten jarraitzen du», gaineratu du Egiari Zor-eko kideak.

Bestalde, kasu hauen inguruan abiatutako ikerketak «oso eskasak» izan zirela azpimarratu du: «Kasu batzuetan lekukotza-frogak ukatuz, trabak sortuz, bidegabeko atzerapenak ezarriz eta baten batean, froga perizialak desagerraraziz ere, gertatutakoaren egia jakitea oztopatuz eta arduradunen inpunitatea ahalbidetuz».

Horregatik, Egia eskubide bat dela gogoratu du, eta egia eskubide indibidual eta kolektibo gisa aldarrikatzea da, hain zuzen ere, Egiari Zor fundazioak ‘Egia jakiteko garaia da’ lelopean martxan jarritako ekimenaren ortzimuga. Argitaratutako bideoan, eremu guzti honetan fundazioak duen posizioa laburbiltzen du.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

Bide horretan, hilaren 13an Jon Ugutz Goikoetxearen heriotza gogoratzeko ekitaldia egin zuten, eta larunbat honetan berdina egingo dute Josu Zabala ‘Basajaun’-ekin.

«Egia jakiteko eskubidea ahalbidetzea, onbideratze demokratikoaren kontua dela uste dugu; borondatea, giza eskubideekiko konpromisoa eta pedagogia etikoa eskatzen dituena ulertzeko, demokrazian Egia ere agindu etiko gisa eratu behar dela», adierazi dute.