INFO

Hilketa saiakera gisara ikertzen ari da Polizia Judiziala Bokalen izandako sutea

Baionako Fiskaltzak baieztatu duenez, hilketa saiakera gisa ikertzen ari da Polizia Judiziala joan zen astelehen gauean Bokalen gertatu zen sutea. Hamaika lagun zauritu ziren, eta haietako bat egoera biziki larrian eraman behar izan zuten Bordeleko erietxera.

Bokaleko auzapeza Francis Gonzalez sutea gertatu zen etxearen ondoan. (Guillaume FAUVEAU)

Joan zen astelehenean Bokaleko etxe batean izan zen sutea hilketa saiakera gisara ikertzen ari direla baieztatu du ostegun arratsalde honetan Jerome Bourrier  Baionako prokuradoreak.

Lau apartamentutan banaturiko 150 metro karratuko etxean gertaturiko sutearen ondorioz, orotara hamaika lagun zauritu ziren eta horietarik bat egoera larrian eraman behar izan zuten Bordeleko erietxera.

«Hilkera saiakera, molde arriskutsuak erabiliz eginiko kalteak eta nahitara eragindako zauriak», horiek lirateke sutearen arduradunari edo arduradunei egotziko litzaizkiekeen delituak, Bourrier prokuradoreak zehaztu duenez.

Oroitzearren, sutea trenbidearen gertu dagoen Maurice Pese izeneko karrikan gertatu zen gauerdi aldera. 

60 bat suhiltzailek parte zuten sutea itzaltzeko dispositiboan. Hala eta guztiz ere, goizeko 7.00ak arte ezin izan zuten sutea amatatutzat eman.

Sutea gertatu eta biharamunean Francis Gonzalez Bokaleko auzapezak Mediabask hedabideari azaldu zionez, bertan bizi zen familia bat Baionako hotel batera eraman zuten eta gainerako bizilagunak senide edo lagunen etxeetan hartu zituzten.

Une horretan alkateak ezin izan zuen azalpen handirik eman sutearen arrazoiei buruz. Hala ere, zuhurtziaz hitz egin bazuen ere susmoak agertu zituen. Era berean «etxebizitza egoera onean zela» argitu zuen udal agintariak.

«Ez dakigu zein izan den sutearen jatorria nahiz eta zalantzak baditugu», adierazi zuen auzapezak. Polizia Zientifikoak ikerketa martxan eman zuela sutearen jatorria argitzeko gaineratu zuen Bokaleko auzapezak.