INFO
Elkarrizketa
Olatz Arrizabalaga
Master Laboral Kutxako finalista

«Ez nuke esango emakumeen pilotaren egoera faltsua denik, baina atzetik ez dator askorik»

Irunen jokatu diren Binakakoaren azken bi finaletan egon da, baina bietan txapelak ihes egin zion gernikarrari. Aurten, Enara Gamindek oso ondo lagunduta, orain arteko partida guztiak irabazi dituzte, txapelketa biribiltzeko asmoz gerturatuko da Uranzura.

Olatz Arrizabalaga, 2020ko Binakako Master Cupeko finalean, pilota mistoarekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bikoteak ezagutarazi ziren egunetik txapelak janzteko faborito nagusiak ziren Arrizabalaga eta Gaminde, eta iganderako ere hautagai nagusiak izaten jarraitzen dute bi bizkaitarrek.

Hirugarren finala duzu jarraian Irunen...

Hori da. Espero dugu “a la tercera va la vencida” izatea, ea hirugarrenean lortzen dugun txapela. Azken urteetakoak pandemiagatik publiko barik edo publiko gutxirekin izan dira. Nik uste hau berezia izango dela eta ea txapela lortzen dugun.

Pentsatzekoa da igandean pilotalekua beteta arituko zaretela. Hori onerako edo kalterako da zuretzat?

Niri gustatzen zait publikoarekin jokatzea, agian ohituta nagoelako finalak jokatzera, eta berotasun hori gustatzen zait. Egia da irabazten zoazenean oso politak direla publikoaren animoak, baina galtzen zoazela ez zaizkizu hainbeste gustatzen, baina berotasun hori eskertzen da.

Txapelketa perfektua egin duzue orain arte; ondo heltzen zarete finalera.

Bai, momentua izan daiteke irabazteko. Gainera, txapelketa borobila egin dugu, hasiera-hasieratik, Amaia eta Andrearen aurkako partida horretatik –22-16 irabazi zieten Eibarren– erakutsi genuen faboritoetako bat ginela, eta nik uste ez dugula partida txarrik egin. Kasualitatea izango litzateke justu finalean egitea, baina tira. Nik uste harro egoteko txapelketa egin dugula eta oso bikote gogorra osatu dugula batera. Ea finalean zer gertatzen den.

Faboritoenak zineten hasieratik. Erraza da horrela jokatzea?

Bikoteak ikusi nituenetik jakin nuen presioa gure aldera jausiko zela, nahiz eta Amaia eta Andrea oso bikote gogorra izan. Etiketa horrekin jokatzea ez da erosoena. Hobe da presiorik gabe jokatzea; erosoago aritzen zara ez daukazulako galtzeko ezer, baina nik uste presio hori nahiko ondo eraman dugula. Bagenekien faboritoak ginela, erakutsi behar zen eta egin dugu.

Nola jokatu behar duzue finala irabazteko aukerak izateko?

Amaiak eta nik esperientzia daukagu halako finalak jokatzen eta urduritasuna agian gutxiago igarriko dugu atzelari gazte biek baino. Nik uste bai eurek eta bai guk estrategia antzekoa erabiliko dugula, atzean kargatzea apur bat partida eta atzelarien hutsa topatzea. Egia da oso erraza dela orain esatea, baina nik uste klabea izango dela ea nor hasten den finalean hobeto, nor sartzen den hobeto, eta nork duen konfiantza handiena. Finalak oso zailak dira jokatzeko. Askotan ez duzu ematen daukazun maila eta halako detailetxoetan, urduritasunean, edo halako huts pare bat egin eta urduri jartzen zarela, joan egin daiteke.

Amaia Aldai eta zu beti zaudete hor, partida handi gehienetan elkarren aurka. Ez dakit onerako den.

Onerako, azkenean elkar ezagutzen dugulako eta badakigulako zein diren bakoitzaren gabeziak, baina txarrerako ere bai, zeren badakit oraintxe momentuan dagoen aurrelaririk onenetakoa dela; gainera, oso sasoi onean heltzen da. Gure arteko partidetan behintzat badakigu aurrean saltsatxo hori egongo dela, tanto politak izango direla, eta ikuskizunari begira nik uste ondo dagoela.

Zuen arteko ezustekorik ez orduan
.

Ez, nik uste gainera jokatzeko estilo antzekoa daukagula, bikote antzekoak gara; iaz estilo talka izan bazen, aurten oso antzekoak gara; bi aurrelariak errematatzaileak gara eta ea nori irteten zaizkion hobeto erremate horiek.

Neskak gaur egun bitan banatuta egote horrek pena pixka bat ematen du; gutxi izan eta banatuta jardun behar hori...

Bai, beti ematen du pena; azkenean oso neska gutxi gara. Lan egin behar da gero eta neska gehiago egoteko. Ez du balio goian gauden hamarrak ondo egotea, gero atzetik ez badator inor edo ez badago oinarririk. Eta nik uste banatuta egote hori edo bakarrik goran gaudenok ondo egotearekin kezkatzea edo profesionaltasuna lortze hori ez dela egin behar. Azkenean oraintxe momentuan pilotaren egoera ez dut esango faltsua denik, gu ondo gaude, baina atzetik ez dator askorik. Lan egin behar da oinarrian, eta banatuta egonda ez dut uste aurrerapausorik emango dugunik eta pena da, bai.