INFO

Bonbardaketa ezagutzeko webgune interaktiboa jarri du martxan Durangoko Udalak

‘Durango 360º. Plataforma Ixildua’ webgune interaktiboa aurkeztu du Durangoko Udalak, 1937ko martxoaren 31ko bonbardaketa ezagutzeko tresna. Orain 85 urte gertatutakoa herritar gazteei eta kanpotarrei gerturatzea du asmo.

‘Durango 360º. Plataforma Ixildua’ aurkezteko astelehenean egindako ekitaldia. (Durangoko Udala)

Durangoko biztanleria zibilaren aurkako bonbardaketaren 85. urteurrenerako hiru egun falta direnean, herriko Udalak ‘Durango 360º. Plataforma Ixildua’ plataforma interaktiboa aurkeztu du. 1937ko martxoaren 31ko aire eraso faxistaren mugarri nagusiei buruzko informazioa jaso du bertan, eta herritarren eskura jarri du esteka honetan.

Herriko Turismo Bulegoan egindako ekitaldi batean aurkeztu dute astelehen honetan plataforma berria, eta bertan izan dira, besteak beste, hezkuntza komunitateko, turismo sektoreko edo herriko memoria-elkarteetako ordezkariak.

Ekitaldian, Ima Garrastatxu Durangoko alkateak aldarrikatu du garrantzitsua dela belaunaldi berriei tresna berriak eskaintzea memoria kolektiboa ez galtzeko: «Zoritxarrez, eraso horrek arrastoa utzi zigun herri gisa. Oraindik konpondu ezin izan dugun arrastoa utzi zigun, batez ere oraindik berreskuratu ezin izan ditugun dozenaka hildakoen senide horiei. Udal gisa oso garrantzitsua iruditzen zaigu belaunaldi berriek gure herriaren historia eta memoria historikoaren balioa nola ezagutzen duten ikustea, memorian, justizian eta konponketan oinarritutako Durango eraikitzeko».

Horregatik, plataforma interaktiboa 1937an gertatutakoa bi kolektibori hurbiltzeko sortu da bereziki, Udalak azaldu duenez: durangarrak izan arren duela 85 urte herrian zer gertatu zen zehatz-mehatz ez dakitenei, eta kanpotarrak izanik biztanleria zibilaren aurkako historiako aireko lehen erasoetako bat nolakoa izan zen jakiteko interes berezia dutenei.

Minetik

Udalak, Gerediaga elkarteak, Durango 1936 elkarteak, herritarrek edo erasoa bizi zuten lagunek egindako lan ugari jasotzen ditu ‘Durango 360º. Plataforma Ixildua’ren webguneak.

Proiektua Turismo arlotik garatu da, dagoeneko existitzen den ‘Aztarnak’ ibilbidea osatzeko. Ildo horretan, Neskutz Rodriguez proiektuaren arduradunak oraindik ere dauden zauriak gogorarazi ditu asteleheneko ekitaldian: «Aurten, Durangoko bonbardaketaren 85. urteurrena betetzen den honetan, gertakari horietaz entzuteak edo irakurtzeak min ematen dute oraindik, eta are sakonago iristen da ikusita bidegabekeria horiek gaur egun ere badirela. Min horretatik eta hamarkadetan isildutako arrasto eta zauri sakonetatik sortu zitzaigun proiektu hau egiteko ideia. Espero dugu plataforma berri hau baliagarria izatea herritarrek gertatutakoaren berri izan dezaten».