INFO

Kezkaz hartu du Kontseiluak Hezkuntza itunak jasotzen duen hiru hizkuntzen tratamendu integrala

Hezkuntza itunari zehaztasuna falta zaio Euskalgintzaren Kontseiluaren iritziz eta kezkaz hartu du hiru hizkuntzei tratamendu integratua ematearen erabakia, euskara ardatz izatea eragotzi dezakeelakoan.

Hezkuntza komunitateko eragile nagusiek, gehiengo sindikalak eta euskalgintzak abenduaren 16an eginiko agerraldi bateratua, Gasteizen. (Kontseilua)

EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk adostu duten Hezkuntza itunari zehaztasuna falta zaio Euskalgintzaren Kontseiluaren iritziz. Ohar batean agertu du legeak ongi jaso beharko lukeela zein den hitzarmenean adostutako hizkuntza gaitasunetara iristeko bidea: «Helburua definitu da, baina helburua lortzeko bidea edo modua oraindik ez da beharko lukeen zehaztasunarekin jaso». 

Etorkizuneko Hezkuntza Legeak oinarri izango duen dokumentuak «euskara ardatz izango den esparru eleaniztun orokortu baten aldeko apustua» jasotzea begi onez ikusten du Kontseiluak; hala ere, ohartarazi du eleaniztunaz baino, esparru eleaniztunaz aritzen dela hitzarmena, eta bi ideia horien arteko aldea zein den argitzea galdegin du.

«Bestalde, artikulu horrekin talka egiten duen ekarpenik ere txertatu da. Esaterako, onartuko den testuan jasotzen da hiru hizkuntzek ikaskuntzak bideratuko dituztela», agertu du Kontseiluak, eta adierazi kezkaz ikusten duela hautu hori. Bere ustez, euskarak behar luke irakas-hizkuntza.

Hala, etorkizuneko eredu inklusiboaren oinarria zein den zehaztu dezatela galdegin die testuaren egileei: «Izan ere, kontuan izan behar dugu egungo arrakasta-ereduari erreparatu behar zaiola ezinbestean etorkizuneko eredua zehazteko. Datuek aski ongi erakutsi dute euskara irakas-hizkuntza duen eredua dela ikasleek hizkuntza-gaitasun egokiak eskuratzeko arrakastatsuena. Horrexegatik, hain zuzen ere, uste dugu horretara jo behar duela legeak».

Bestalde, gogora ekarri du Kontseiluak Ikasle Euskaldun Eleanitzak Sortzen proposamenean ikastetxeetako hizkuntza-proiektuan jarri zuela azpimarra, eta ospatu hitzarmenean ere hor jartzen dela indarra. Beste behin nabarmendu du, halere, euskara oinarrian izateko beharra, «kezkagarria» bailitzateke «garai bateko marko hirueledunari atzeko atea irekitzea, egun belaunaldi berriak euskalduntzeko erronka pil-pilean dagoenean».

«Izan ere, hitzarmenean behin baino gehiagotan jasotzen da hiru hizkuntzen tratamendu integratua emango dela, haien funtzioa eta egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta; edota bi hizkuntza·ofizialen eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza baten bidez artikulatuko dela hezkuntza. Esan bezala, horrek are ageriago uzten du euskara ardatz duen sistema horretan, ardatz izatearen ezaugarriak zehaztu beharra», ohartarazi du.

Irteera profilak

Gogora ekarri duenez, Kontseiluaren aldarrikapen historikoa izan da derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan ikasleek erdietsi beharreko hizkuntza-gaitasunak zehaztea, eta adostutako hitzarmen berriak berariaz jasotzen du DBH amaitutakoan ikasleek B2 maila izango dela gutxieneko helmuga bi hizkuntza ofizialetan, eta B1 hirugarren hizkuntza batean.

Honek, irteera profilak «norabide onean» kokatzen ditu euskara babesteko elkartearen hitzetan, baina kontraesan bati erreparatu dio: «Ez dugu ulertzen hori adostuta, hitzarmenaren beste atal batean erabiltzaile aurreratuaren gaitasuna kendu eta euskararen ezagutza praktikoa helburu izatea jasotzen zuen beste ekarpen bat onartu izana».