INFO
Elkarrizketa
Julen Martija
Aspeko atzelaria

«Hasieran eskua ondo nuen, baina konfiantzarik gabe nengoen»

Etxeberriko atzelaria da lau finalisten artean Binakako Txapelketako final bat jokatu eta txapela jantzi duen bakarra. Aurtengoa, ordea, oso desberdina izango da, frontoia beteta egongo baita. Badu, gainera, Altunarekin arantza ateratzeko asmo eta konfiantza.

Julen Martija. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Pasa da Eibarko azken eguneko disgustua?

Bai, partida hori ahazteko modukoa izan zen, baina besterik gabe. Presiorik ez izateak kalte egin zigun bioi, lasai irten ginen, tentsiorik gabe, ni bai behintzat. Nabaritu egin nuen, baina bestela nik uste ondo gaudela. Larunbateko partida tentsio askorekin ikusi nuen eta, behin finalean sartuta, mezu piloa jaso genituen, eta nahi gabe ere gorputza lasaitu egiten zaizu. Oso zaila izan zen jokatzea.

Zu, gainera, oso lehiakorra zara. Finalean beste modu batera irtengo zarela ziur nago...

Bai, hori argi dut. Batzuetan hori gertatzen zait, ez dagoenean ezer jokoan gehiago kostatzen zaidala partidan sartzea.
Lauren artean zu zara binakako finala jokatu duen bakarra...
Bai, baina aurtengoa beste zerbait izango da. Aurrekoa oso arraroa izan zen; jenderik gabe, finalerdia ostiralean eta finala asteartean…. Lagunak, familia… denak etorriko dira aurten eta ea ez naizen oso urduri jartzen.

Aipatu izan duzu Altunarekin jokatzeak presio berezi bat dakarrela.

Bai, hala da, batez ere hasieran. Bera Lau eta Erdiko Txapelketa irabaztetik zetorren, eta ez da erraza. Partida txar bat egiten badugu, beti zugan fijatzen dira; zaila izan zen hasieran, baina bi edo hiru partida jokatuta gustura sentitu nintzen. Tentsio hori ahaztu nuen eta gustura.

Baina Altuna egungo mailan dela gozamena ere bai, ala?

Hori da, badaukazu presio puntu hori, baina badakizu ere zuk ondo jokatzen baduzu berak bukatu egingo duela eta horrek lasaitasuna ematen du.

Txapelketan aritu zinen lehen bi urteetan ere Altunarekin aritu zinen. Asko aldatu da?

Bueno, Jokin ez dakit, baina ni behintzat bai! Lehen bi urte horietan oraindik egin gabe nengoen, eta Jokinek  pilo bat lagundu zidan; kristoren partidak egin zituen. Ni saiatu nintzen laguntzen, baina pisu dena berak zeraman eta niri kosta egin zitzaidan. Finalerdietara oso-oso nekatuta iritsi nintzen. Aurten alderantziz izan da; nik uste pixka bat gaizki hasi ginela, baina gero oso ongi aritu gara, konfiantzarekin, eta nik uste aurtengoa oso desberdina dela.

Eskuarekin ere zalantzekin hasi zinen, ala?

Bai, pasa den urtea ez zen ona izan niretzat, batez ere eskua minduta izan nuelako; gainera, denbora luzean. Txapelketa hasi zenean eskua ondo nuen, baina konfiantzarik gabe nengoen eta kosta egin zitzaidan. Baina gero entrenatzen-eta oso gustura eta konfiantza hartu dut berriz.

Jokoan ere antzeman zaizu, aurrerago jokatu duzu, sotamanoz eta sartuz. Eskuak ondo dauden seinale da hori, noski.

Eskuak ondo badituzu, sotamanoz lasai sartzen zara eta hori gertatu zait. Txapelketa hasieran igual Jokin eta nire artean distantzia handiagoa egoten zen; ez nintzen sartzen airez eta  beti hor atzean ibiltzen nintzen,  eta zailagoa da horrela partidak irabaztea. Orain oso ongi nago eta saitzen naiz airez sartzen.

Unai Laso eta zu zeu urte luzez aritu zarete elkarrekin, gazte-gaztetatik. Alde horretatik ere finala berezia izango da, ezta?

Afizionatuetan asko jokatu genuen bikote moduan eta berezia izango da, baina orain bakoitzak bere txapela nahi du. Txikitatik ikusten zen zerbait berezia bazuela. Egia da, hori bai, azken bi urte hauetan asko hobetu duela; gauza da orain ia beti jokatzen duela dena ondo eginez eta berari irabaztea oso zaila dela. Kanpoan geratu zenean ez dakit txipa aldatu zuen edo zer egin zuen, baina sekulako jokoarekin itzuli zen. Orain helduago bezala dago; lehen ere tanto izugarriak egiten zituen, baina baita akatsak ere. Orain oso zentratuta dago eta argi ibili behar dugu harekin.

Pilotaz harago, zertan ari da Julen Martija?

Ikasten jarraitzen dut, ingeniaritza mekanikoa. Datorren urtean amaitzea espero dut. Ikasgai gutxiago hartzen ditut pilotarekin bateragarri egiteko, baina gutxinaka ari naiz. Gaur egun ez dakizu zenbait urte emango dituzun pilotan eta behar da.

Pianoa jotzen jarraitzen duzu?

Piano ikasketak utzi nituen, baina etxean badut bat eta aspertzean jotzen dut. Kontserbatorioan nenbilenean ez zen beti erraza izaten pilotan hatzetan kolpeak jaso eta gero jotzea.