INFO

Euskal gatazkaren inguruko ‘Hipotesi demokratikoa’ lana apirilaren 20an estreinatuko dute

Apirilaren 20an estreinatuko dute frantziar Estatuan ‘Hipotesi demokratikoa’ lana, euskal gatazkaren inguan Thomas Lacostek egindako filma. Aurretik Ipar Euskal Herrian hainbat emanaldi izanen dira.

‘Hipotesi demokratikoa’ lanaren irudia. (Hipotesi demokratikoa)

Apirilaren 20an estreinatuko da frantziar Estatuan ‘Hipotesi demokratikoa’ filma. «Mendebaldeko Europako gatazka armatu zaharrenaren irteera politikoaren historia sentikorra aurkezten du lehen aldiz zineman. Aktoreek, biktimek eta bake negoziatzaileek indarkeriaren aurrean bide berri bat asmatzen eta bere patuan eragiten jakin zuen herri baten historian murgiltzen gaituzte», azaltzen dute egileek.

HIPOTESI DEMOKRATIKOA Euskal historia bat  (FA ST EUS) from La Bande Passante on Vimeo.

36ko gerratik ETAren desegiteraino egiten du istorioak. Bi urte eta erdiko lana dago azken emaitzaren atzean eta denbora horretan, artxiboetara jotzeaz gain, lehen lerroko protagonista eta nazioarteko begiraleekin ere osatu dute filma. 

Protagonistei, lekukoei, biktimei eta lehen mailako analistei hitza ematean, 80 urte iraun duen gatazka baten osteko bide berria eman nahi du ezagutzera lanak. «Unea erabakigarria da: agertoki militar batetik eszenatoki politiko hutsera aldatzean, orrialde berri bat idazten da Euskal Herriarentzat».

ETAren aldebakarreko irteera horrek «gerran dauden eta mundu osoan konfrontazioak dituzten eremu ugaritarako ikuspegi erabat berriak irekitzen» dituela iritzi dute egileek.

Atari bat osagarri gisa

«Ondare izaera eta izaera pedagogikoa» helburu, web atari bat dakar lanak, osagarri gisa. Hau 70 elkarrizketa baino gehiagorekin landu dute, zeintzuk osotasunean kontsultatu daitezkeen.

Plataforma honek helburu bikoitza du. Lehenik eta behin, parte-hartzailea, kronologia edo gaikako bilaketa bakoitzeko nabigazioa eskaintzea eta baliabide berria izan nahi du lurralde honen historia eta konpromisoak hobeto ulertu nahi dituzten pertsona guztientzat. «Baina, era berean, espazio kontserbatzailea izan nahi du urte haietan espazio mediatiko gutxi edo bat ere izan ez zutenen ikus-entzunezko kontakizun eta lekukotza hauentzat».