INFO

Pablo Gonzalez kazetari eta ikaskideari buruzko kezka agertu du EHUk

Otsailaren 28an Polonian atxilotu zuten kazetaria EHUko doktoregoko ikaslea da, eta horregatik instituzio akademikoak bere egoera dela eta kezka adierazi du ostegun honetan. Era berean, gertatutakoa argitzea eskatu du.

Pablo Gonzalez, bere sare sozialetan jarritako argazki batean. (@PabVis)

Pablo Gonzalez kazetariak hilabete baino gehiago darama Polinian kartzelaratuta. EHUko doktoregoko ikaslea izanik, unibertsitateak bere aldeko adierazpen bat zabaldu nahi izan du bere kezka zabaltzeko eta gertatu dena argitzeko eskatuz.

«Joan den otsailaren 28an atxilotu zuten Polonian, Errusiako Federazioko Estatu Nagusiko Inteligentzia Zuzendaritzako (GRU) kide izatea leporatuta. Harrezkero, bere abokatuak ezin izan du berarekin hitz egin, eta ezin izan ditu ikusi erruztatzeko arrazoiak biltzen dituzten dokumentu ofizialak», azaldu du EHUk bere testuan.

Era berean, gogora ekarri du Polonian ofiziozko abokatu bat jarri diotela, eta orain arte Estatu espainolak Polonian duen kontsularen bisita baino ez duela izan. «Poloniako Gobernuaren gutun ofizial bat da familiak eta bere abokatuak hartu duten informazio bakarra, eta ez dute izan Pablo Gonzalezekin harremanetan jartzeko aukerarik», salatu du instituzioak.

Egoera horren aurrean, Euskal Herriko Unibertsitateak, atxilotuaren familiarekin zuzenean harremanetan jarri ondoren, gertakariaren inguruko iritzia eman du: «Unibertsitateak, lehenik eta behin, adierazi nahi du kezkatuta dagoela atxiloketagatik, atxiloketaren berri gutxi baitu, Pablo Gonzalezen ingurukoek bezalaxe; eta, bigarrenik, eskatzen du gertakariak berehala argitzeko, eta prozesurako bermerik handienak ezartzeko, bai atxiloketa aldian, bai prozedura osoan», azpimarratu du oharrean.