INFO

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

Gasteiztarrek ongietorri beroa eman diote Korrikari: «Elurpean ere euskararen alde!»

Arratsaldeko 17.15ean heldu da Korrika Gasteizera, edo hobe esanda, Siberia-Gasteizera. Izan ere, gaurko eguna hotza da Arabako hiriburuan. Baina eguraldia ez da arazo izan euskararen alde korrika egin nahi izan duten milaka lagunentzat.


Korrika Betoñotik heldu da arratsalde honetan Gasteizera Legutio eta Arratzua-Ubarrundia zeharkatu ondoren. Hotzari aurre egin diote euskararen alde korrika egiten duten lagunek. Eguerdiko eguzkia Eskoriatzan utzi dute eta elurra zapaldu dute Leintz-Gatzagan.

Aramaioko Orixol mendi taldekoek hartu dute lekukoa Gatzaga gaina pasata. Bertatik Landara joan dira, eta handik Urrunagako urtegira. Otxandiotik heldutako korrikalariak izan dira Arabako iparraldean, tartean, Aitziber Balantzategi AEK-ko artezkaritzako kidea.

Elurra mara-mara aritu da zenbait unetan, baina pena merezi izan du ikustea paisaia zurituta, eta Legutioko bizilagunen harrerak berotu du giroa. Izan ere ehunka lagunek korrika egin dute lekukoaren atzetik.

Eta eszena errepikatu da Urbinan, Lukon, Mendibilen eta Duranan, azken hau Gasteizekin muga egiten duen herria. Eskalmendin Oreka IT eta Michelingo langileek hartu dute lekukoa. Hauxe izan da Gasteizen zehar Korrikak egingo duen ibilbide luzearen hasiera.

Hasiera horretan izan dira ere Lasterbidearen ordezkariak, pankarta handi bat zabaldu dute, lasterketa solidarioa maiatzaren 28an Kanpezun izango dela gogoratuz.

Korrikan Zaramagan sartu da, eta jendetza batu da. Batez ere Koldo Mitxelena ikastetxera iritsi denean.

Araba Bizirik eta Sahara Elkarteko kideek ere hartu dute lekukoa Zaramagan, eta Paraguai kalean Aker Baskoniako maskotaren txanda izan da. Honek pasatu die lekukoa Orbain elkarteko ordezkariei.

Hainbat ikastetxetako ikasleek eraman dute lekukoa Txagorritxuko kaleetatik. Ondoren Osakidetzako langileek hartu dute. Eta Euskal Herria Bulebarrean Arabako Batzar Nagusietako batzarkideen txanda izan zen.

18.00ak pasata elurra itzuli da. Baina eguraldi kaskar honi aurre egin diote Gasteizko kaleak hartu dituzten milaka lagunek, «elurpean ere euskaraz» oihukatuz.

Lakuan Aefat elkarteko kideek eraman dute lekukoa, eta euskal presoen lagunek ere. Eta ondoren Gasteizko mugimendu feminista jarri da pankartaren aurrean bandera moreekin. Feministek Lumagorri elkarteko kideei pasatu diete lekukoa Trans Kilometroan.

Zabalganan Mercedeseko langileak batu dira Korrikara. Auzoko ikastetxeetako ikasleek eta hezkuntza publikoaren aldeko plataformako kideek ere eraman dute lekukoa.

Ariznabarran Iraultza 1921 eta Indar Baskoniaren txanda heldu da. Lekukoa Galder Barbado eta Ibai Zelaia gazte errepresaliatuek hartu dute. Eta Mendizorrotzan Alaveseko txanda izanda. Babazorrok hartu du.

Gasteizko hegoaldea zeharkatu du Korrikak, eta Errekaleor auzo askera iritsi da. Bertan hartu dute lekukoa Lehertu Gasteiz mugimenduko kideek.

Eta Arana auzoan Gorka Ortiz de Urbina hemeretzi aldiz Zeledon izan den blusak hartu du lekukoa.

Frantzia kalean hainbat erakundeetako ordezkariek eraman zuten AEKko lekukoa, haien artean Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak eta Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak. Ondoren Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak hartu zuen, eta Dato kalean Gorka Urtaran alkateak hartu zuen lekukoa.

Kutxi kaletik igaro da ere Korrika. Bertan hartu dute lekukoa Ernaiko gazteek, Gasteizko Gaztetetxeko kideek, eta Hala Bedi Irratiko ordezkariek. Gero Salburua auzoa zeharkatu du Lautadako herrietara abiatu aurretik.