Iker Vicentek txapeldunaren joa eta zortea aldeko izan ditu Mikel Larrañagaren aurka
Otsagabiakoak ia bi minutuko aldea atera dio azpeitiarrari, azken oinbikoan Larrañagari atera zaion adar-begiaren erruz. Bestela ere nafarra beti aurretik joan da, baina Larrañaga gainean izan du trabesaren azken laurdenera arte. Sekulako giroa izan da Tolosako zezen-plazan.
Aizkoraren egungo aginte makila zeinek eraman, eta 14.000 euro ere bai, bide batez, jokatu dute Iker Vicente nafarrak eta Azpeitiko Mikel Larrañagak Tolosako zezen plazan. Gazte eta heldu, sekula betetzen ez delako munduko zezen plazarik handiena den horretan kopuru handian eta giro beroan bildu dira.
Uste baino askoz denbora gutxiagoan bota dituzte 18 enborrak kirolari biek eta Sherpa.ai txapelketako garaile den Iker Vicente izan da irabazle nagusia, trabeseko lana 47 minutu eta 47 segundutan amaitu ostean. Mikel Larrañagak ere sekulako lana egin du, estrategikoki atzetik aurrera egin nahian, baina Vicenterekiko ia parean zela, azken oinbikoa botatzeko sasoian, adar begi lodi bat atera zaio eta hantxe galdu du Otsagabiakoarekiko alderik handiena.
Lan aparta eginagatik, 49 minutu eta 40 segundu behar izan ditu aizkolari azpeitiarrak eta beste behin, Vicenteren bizkarra ikustea beste erremediorik ez zaio geratu, egin duen lana dela-eta inolako damurik izateko arrazoirik ez badu ere.
Hamahirugarren mugarria
Txapeldun eta txapeldunordeen arteko trabesen historiak badu beste mugarri bat, aurrez izan ziren 12 trabesen ostean: Berakoetxeak Polipasori birritan 1965ean, Polipasok Berakoetxeari 1966an; Astibiak Latasari 1968an; Arrina IIak Miel Mindegiari 1978an eta 1980an; Mindegiak Mendizabali birritan 1987an eta Olasagastiri 1988an; Olasagastik Mindegiari 1988an ondoren; Larretxeak Mindegiari 1989an eta Larretxeak Olasagastiri 1998an-.
«Kristoren poza daukat. Sasoiko etorri naiz eta oso lan ona egin dudala uste dut», onartu du apustua amaitu berritan Iker Vicentek. Bere zaleek lepoan hartu eta zezen plazari buelta eman diote, aizkoran eskuan baino arrisku ondotxo biziagoan jarri baitute Otsagabiakoa.
«Enbor handietan hasi naiz ni, bera txikietan eta ez zen erraza kalkulatzen zein zihoan aurretik. Bera aurretik ere joan zait, baina nik uste aurretik jarri naizenean oso gustora aritu naiz. Gaurko eguna handia izan da bai guretzat eta baita aizkora munduarentzat ere. Jende asko etorri da eta giro oso beroa izan dugu, eta gainera lan oso txukuna egin dugu», amaitu du Vicentek.
Giro beroa izan da, bai, nahiz eta eguraldia neguan murgilduta egon duela astebete estreinaturiko udaberrian baino. Giro beroa, Euskal Herriko eta Sherpa.ai txapelketaren azken hiru ekitaldietan garaile atera den Iker Vicente nafarra eta Larrañaga txapeldunordea –baina pasa den udan Urrezko Kopa azpeitiarrarentzat izan zen–.
Estrategia ezberdinak
Egin beharreko lana, berriz, pentsatuta bakarrik ere nekatzeko modukoa: 12 kanaerdiko eta sei oinbiko. Otsagabikoa oinbikoekin hasi da eta Larrañaga kanaerdikoekin. Beraz, aurreneko enborretako aldea, lanaren neurri eskergaz gain, ez da aintzat hartzeko modukoa izan.
Lan luzea izanagatik, Mikel Larrañagak aitaren batean bota du aurreneko kanerdikoa, hain ohikoa duen estiloari segika, abiada bizian ekinda lanari. Iker Vicentek minutua pasa gehiago behar izan du aurreneko enborra botatzeko, baina artean inongo kezkarik ez, lanik gogorrenetatik hasi baita aizkolari nafarra.
Ordubete inguruko lanari beldurrik gabe, azkenerako indarrak gordetzen ez dute lanik hartu ez batak ezta besteak ere. Pisua galduta, oso bizi ekin dio Larrañagak, Urrezko Kopan 14 kanaerdikoetan eman zuen erakustaldiaren antzeko. Itxura baten, enborrak nahiko gozoak tokatu dira, kanerdikoetan batik bat. Dena dela, hamar minutu eta erdi pasatxoan bota ditu Vicentek hiru oinbikoak. Denbora beretsuan, aurreneko sei kanaerdikoak gerorako atzean laga eta oinbikoei ekin die Larrañagak.
Hortxe ezarri da aurreneko erreferentzia eta ikusi da, nolabait esateko, Iker Vicentek aurrea hartu duela, Larrañagak kanaerdikoetan erakutsi duen fintasuna nolabait galdu egin baitu. Aldiz, Otsagabiako mutilak kanaerdikoetan, dagoeneko lanerdietara bidean, aurretik doala finkatu du eta, tira, bere aldeko zaleak kantuan ere konplexurik gabe hasi dira.
Lanerdiek beste erdia osorik falta dela, baina askoz indar gutxiagorekin, bestetik ez dute adierazten, baina bada aintza hartu beharreko erreferentzia. Iker Vicentes 22 minutu eta 17 segundu behar izan ditu –nahiz eta azken kanaerdikoan adarra atera zaion, antza– eta zernolako eupadak entzun diren zaleen artean mugarri horretara iritsi denean. Mikel Larrañagari bizkarra erakutsi dio nafarrak, baina azpeitiarra 23 segundura pasa da lanerdien mugarritik.
Oinbikoek erabaki
Estrategiak hala erabakita izango zituzten trabesari ekin aurretik ere, baina lanen bigarren erdiari oinbikoetan ekin diete biek ala biek. Itxura baten bederen, oinbikoak lerden bezain nobleak izan dira aizkolarientzat. Dena behar izan dute, izan ere, sekulako parekotasuna nagusitu baita apostuaren sasoi horretan.
Iker Vicentek aurretik amaitu du aurreneko oinbikoa bigarren buelta horretan, baina Larrañaga gainean duela. Hargatik, azpeitiarraren zaleak ere piztu dira nolabait, kanpoko giro hotzari zezen plazako giro beroaren kontrastea eraginez.
Azkenengo oinbikoa ere erreferentzia nabarmena izan da. Enbor horren hasierara 17 segunduko aldearekin sartu da nafarra eta gipuzkoarrari, berriz, adar-begi lodi askoa atera zaio. Nahikoa lan izan dute bere laguntzaileek azpeitiarrari frustrazioa alde batera laga eta lanean jarraitu dezan.
«Pena handia daukat. Ederki nengoen baina oinbiko horretan adarra atera zait eta hortxe joan da nire lana», laburbildu du Mikel Larrañagak apustuaren amaieran. «Ordura arte oso gustura nengoen eta lanerdiak batera xamar bota ditugunean pentsatu dut nire artean lehiatzeko nengoela, baina adarra irten denean denbora galdu dut eta hortxe joan da trabesa», gaineratu du.
Otsagabiakoa izan da oinbikoak amaitzen aurrena, eta minututik gorako aldea atera dio Larrañagari, adar-begiaren madarikazioari ezin ihes eginda. Nafarra, dena den, ez da atzera begira geratu azken sei kanaerdikoei ekiteko orduan, tarteka arnasa hartzeko astia hartuagatik.
Apustua azken laurdenera sartzeko orduan, Iker Vicente enbor erdiko aldearekin jarri da. Uste baino azkarrago biak ala biak, nahiz eta azpeitiarrak ia bi minutuko aldeari buelta emateko zama astuna buru gainera erori zaion.
Iker Vicentek azken enborra hasterako ziur jakin du garaipena berea dela. Tarteka arnasa hartu, kontrarioari zeharka begiratu eta lanari ekin. Otsagabiakoaren zaleak kolpe bakoitza bultzatu dute eta Larrañaga azken enborrari ekin eta gutxira, Tolosako zezen plaza zutik jarri da Iker Vicentek bere lanak, trabesa eta 14.000 euroak bereganatu ditu.
Iker Vicente: «Apustu hau hainbesteko berotasunarekin jokatzea ikaragarria da»
Pozarren baina lasaiago, adarrak adar, azkenera arte eutsi beharraren garrantziaz mintzatu da Iker Vicente. «Lan luze bati ekin diogu eta Mikel aurreneko erdian oso ongi ikusi dut. Momentu kritiko baten aurrera pixka bat egin dit, nire oinbikoa eutsi xamarra ote zen eta ikusi dut une horretan apustuak alde egin zezakeela. Ongi prestatu naiz, zorionez eta eutsi diot eta bukaerara arte jarraitzea lortu dut. Izan ere, ia ordubeteko lanean burutik gauza asko pasatzen dira eta kirola oso gogorra da; aurretik zoazela ere gauzak zail ikusten dira beti eta lortzeko modua azkenera arte jarraitzea da», iritzi dio.
«Gaur ongi atera zait apustua baina beste batean beste batek irabazi dezake. [Herri kiroletako] apustu mundu hau ikaragarri gustatzen zait. Mikelen kontra apustua jokatu ahal izatea gauza ederra izan da niretzat, eta hainbesteko berotasunarekin, are ikaragarriagoa izan da», onartu du txapeldunak.
Mikel Larrañaga: «Xehetasun batek erabaki du trabesa»
Adar begiari bueltaka baina bere lanarekin gustura amaitu du Mikel Larrañagak, bere aldetik. «Justu justuan lan betean zoazenean, adar bat irteten denean, jai dago. Hantxe ikusi dut, kitto, ez dago –Iker Vicente– harrapatzerik. Bestela oso gustora jardun dut, baina xehetasun horretan egin dit alde. Aukerak ikusten nituen baina adar hortan joan zait dena».
«Bestela, gustora nago jendeak nola erantzun duen ikusita eta zernolako giroa sortu duen. Beraz, ezin besterik esan eskerrik asko baino ikustera etorri den jende guztiari», amaitu du azpeitiarrak.
Aizkora apustua. Denborak:
1- Iker Vicente: 49:47
2- Mikel Larrañaga: 49:40