INFO

Apirilaren 7tik 9ra greba egingo dute Osakidetzako garbiketa zerbitzuan

CCOO, UGT, ESK, LAB eta ELA sindikatuek hiru greba egun deitu dituzte apirilaren 7tik 9ra, Osakidetzak azpikontratatutako garbiketa sektorean lan baldintza duinak eskatzeko eta hauek Osasun Zerbitzuko beste langileekin homologatzea defendatzeko.

Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek greba egingo dute apirilaren 7, 8 eta 9an. (Oskar MATXIN | FOKU)

Osakidetzako garbiketa zerbitzuan greba deitu dute apirilaren 7, 8 eta 9an CCOO, UGT, ESK, LAB eta ELA sindikatuek, lan baldintza duinak bermatuko dituen hitzarmena eskatzeko.

Salatu dutenez, Osakidetzako garbitzaileek lau urte daramatzate sektoreko hitzarmenik gabe, eta enpresekin hainbat bilera egin arren, «egoerak hasieran bezala jarraitzen du». Besteak beste, Osakidetzako gainerako langileekin homologatuak diren lan baldintzak mantenduko dituen hitzarmen duin bat eskatzen dute.

Sindikatuek adierazi dutenez, horixe izan da, hain zuzen ere, hiru aldeek (enpresek, langileek eta Osakidetzak) bere garaian onartu zuten esparrua, eta horren alde egin dute hainbat urtez, baina, salatu dutenez, «negoziazio mahaiak 40 bilera baino gehiago egin ondoren, argi geratu da enpresek homologazioa kentzeko asmoa dutela».

Negoziazio mahaia blokeatuta dagoela esan dute, eta Osakidetzako zuzendaritza ere egin dute errudun: «Badirudi Osakidetzak babesten duela blokeo hori, eta ez die erantzun egin diren bilera eskaerei».

Esan dutenez, langileek «nazkatuta» daude enpresek eta Osakidetzak erakutsitako «utzikeriaz». Erakundeek hitz hutsalak esaten dituzte behin eta berriz, kolektibo horrek pairatzen dituen lan baldintza eskasei buruz hitz egiten denean beste alde batera begiratzen duten bitartean».

Horregatik, sindikatuek eta langileek «justiziazkoa dena» lortu arte borrokan jarraituko dutela ziurtatu dute eta hiru greba egun deitu dituzte apirilaren 7tik 9ra arte.

Mobilizazioak 2020tik

Sindikatuetatik gogorarazi dutenez, 2020tik ari dira mobilizatzen Osakidetzako langile azpikontratatuak EAEko hainbat ospitale eta anbulatorioetan. Aurreko abenduan Donostiako ospitalean manifestatu ziren. Hala ere, oraingoan azpimarratu dutenez, «egoerak pausu berri bat ematea exijitzen du».