INFO

Ia 1.500 zibil hil eta 2.000 zauritu dira Ukrainako gerra hasi zenetik, NBEren arabera

Ukrainaren inbasioa hasi zenetik gutxienez 1.480 zibil hil eta 2.100 inguru zauritu dira, Nazio Batuen Giza Eskubideen Goi Komisionatuaren azken datuen arabera.

Kramatorsk hiria, Donbasen. Eskualde honetan eta Lugansken izan dira hildako gehienak. (Fadel SENNA | AFP)

Nazio Batuen Giza Eskubideen Goi Komisionatuaren bulegoak eman dituen azken datuen arabera, joan zen otsailaren 24an Ukrainaren inbasioa hasi zenetik gutxienez 1.480 zibil hil dira eta 2.100 inguru zauritu herrialde horretan.

NBEren txostenak jasotzen duenez, hildakoen artean 331 gizon, 211 emakume eta 62 haur –22 neska eta 40 mutil– daude, eta horretaz gain beste 61 ume eta 815 heldu identifikatzeko zain daude.

Zaurituen artean, berriz, 253 gizonak dira, 194 emakumeak eta 83 haurrak –43 neska eta 40 mutil–; beste 100 ume eta 1.565 heldu identifikatu gabe daude, azaldu du nazioarteko erakundeak.

Nolanahi ere, NBEk uste du hildako eta zaurituen zifra askoz handiagoa izan daitekeela errusiar eta ukrainar armaden artean borroka handienak izaten ari diren hiri eta eskualdeetatik informazioa iristen den heinean.

Hildako eta zauritu gehienak Donetsk eta Lugansk eskualdeetan izan dira; bertan 474 pertsona hil eta 1.065 zauritu dira.

Gobernu ukrainarraren kontrolpean zeuden Txerkasi, Txernigov, Kharkiv, Jerson, Kiev, Mikolaiv, Odesa, Sumi, Zaporiyia Dnipropetrovsk eta Zhytomir eskualdeetan 1.006 hildako eta 1.130 zauritu zenbatu dituzte.

Hildako zibil gehienak leherketek eragindako zauriengatik izan dira, baita misil eta aireko bonbardaketen ondorioz, Giza Eskubideen Goi Komisionatuaren arabera.