INFO

%50 inguruko jarraipena izan du Osakidetzako Lehen Arretako grebak, sindikatuen arabera

«Azken hamarkadan Osakidetzak aurrera eraman dituen murrizketa eta austeritate politiken eta baita planifikazio ezaren ondorioz» deitu zuten Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek greba gaurko EAEko Lehen Arretan. «Oztopoen gainetik», %50 inguruko jarraipena izan duela adierazi dute.

Donostian sindikatuek egin duten mobilizazioa. (Imanol Intziarte)

Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, greba eguna da gaur Osakidetzako Lehen Arretan. Jarraipena «oso zabala» izan dela azpimarratu nahi izan dute eguerdian bidalitako oharrean.

«Osasun zentro askotan, grebaren jarraipena, hainbat kategoriatan, %100ekoa izan da. Zentro batzuk itxita egon dira, jendearentzako arretarik gabe, deialdiaren jarraipen masiboaren ondorioz bezeroarentzako arreta arloetako langileen artean, hala nola Arangoiti, La Merced edo Altamira Bizkaian, edo Aranbizkarra II, Gazalbide edo Valles Araban, eta Lazkaon Gipuzkoan. Aranbizkarra I, Irun Centro, Repelega edo Mina del Morro bezalako zentroetako medikuntzan, pediatrian edo erizaintzan jarraipena oso zabala izan da». Guztira, jarraipena %50 inguruan kokatu dute.

Aldarrikapen egun honetan, Lehen Arretako langileek, herritarrekin batera, manifestazioak egin dituzte eguerdian Bilbo, Donostia eta Gasteizen. Lakuak «azken hamarkadan aurrera eraman dituen murrizketa eta austeritate politiken eta baita planifikazio ezaren ondorioz», Lehen Arretak «gainkarga eta egiturazko desegitea» pairatzen duela salatu dute. «Arreta maila honen etorkizuna dago jokoan. Izan ere, premiazko eta sakoneko konponbideak hartu ezean, egoerak okerrera egingo du datozen urteetan», ohartarazi dute sindikatuek.

Grebaren «arrakasta» azpimarratu nahi izan duten arren, Lakua eta Osakidetzaren «oztopoak» ere salatu dituzte. «Gutxieneko zerbitzuen aginduak grebarako eskubiderik gabe utzi ditu kolektibo asko, gutxieneko zerbitzua plantillaren %100ekoa dela ezarri baitu». Neurri hauek, gainera, «pandemiaren aitzakia» erabiliz hartuak izan direla nabarmendu dute, «herritarrentzat ezarritako neurri gehienak altxatzen diren bitartean».

Era berean, «aginduaren gehiegizko interpretazioa» ere kritikatu dute. «Aginduak larunbat bateko ohiko zerbitzua eman behar dela ezartzen duen arren, aurreko deialdietan gertatu zen bezala, ESI batzuek asteburuetan irekita ez dauden osasun zentroak irekitzeko agindu dute. Gainera, nahiz eta grebalariak ez direnak lanean egon, gutxieneko zerbitzuak betetzera behartu dituzte greba egin nahi zuten pertsonak».

Bestetik, Osakidetzari jarraipen datuak «manipulatzea» ere leporatu diote. «Plantilla osoa hartzen du oinarritzat, nahiz eta jakin plantilla horren zati handi batek ezin duela greba egin. Datu errealak emateko eskatzen diogu Osakidetzari».

Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek dei egiten diegu Osakidetzari eta Osasun Sailari «inposizioaren eta propagandaren bidea uzteko eta elkarrizketa eta negoziazioa berreskuratzeko, egiturazko eta sakoneko irtenbideak abian jartzeko».

Hala ere, Osakidetza aldarrikapen hauei erantzuteko «ez dagoela prest» iritzi dute sindikatuek. «Mahai Sektorialeko azkeneko bieleran, apirilaren 1ean egindakoa, Osakidetzak ukatu egin zituen Lehen Arretako plantillaren lan baldintza eskasak, eta arreta maila hori uzten duten langileek, prekarietate horrekin zerikusirik ez duen hautu propio batean oinarrituta egiten dutela esan zuen».

Lakuaren inbertsioa

Bestetik Lakuak berriki eginiko adierazpen batzuk ekarri dituzte gogora, zeinetan adierazi zuen 600 milioi euro aurreztu zituela 2021ean. «Argi dago, beraz, osasun arloko inbertsioa ez dela lehentasunezkoa Jaurlaritzarentzat».

Gaurkoa ez da azken greba eguna izango. Ospitaleen sarean eta osasun mentalean maiatzaren 16an dute deituta greba sindikatu berdinek eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan, apirilaren 19tik 22ra.