INFO

Peio Etxeberria txikitu eta Buruz Burukoan ate handitik sartuko da Dario (22-2)

Errioxarrak ez dio inolako aukerarik eman bera egin ezinik aritu den Promozio mailako txapeldunari eta bihar Txillida Lekuko aurkezpenean izango da Ezcaraikoa.

Dario Gomezek ez dio aukerarik eman Peio Etxeberriari Oñatin. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Ez du, inolaz ere, bide errazik izan –hiru aurre-kanporaketa gainditu behar izan ditu–, baina ate nagusitik sartuko da Dario Gomez horren gogorra aurreikusten den aurtengo Buruz Buruko lehiaketan. Aspeko 8 onenen artean hautatua izateko Elordi, Elezkano eta Peio Etxeberria gainditu behar izan ditu errioxarrak eta hiruren artean 18 tanto baino ez dizkiote egin, gutxien iazko Promozio txapeldunak, gaur 2 tanto baino ez baitizkio egin jokoz eta sasoiz primeran dagoela erakutsi duen pilotariari. Maila handikoa espero den lehiaketan, bihar Txillida Lekun egingo den zozketan inork nahi ez duen arerioa bihurtu da Dario Gómez.

Aurreko asteetan egindakoaren bidetik, Dariok bere dohainei etekin izugarria atera die, saketik hasita, Peio Etxeberriari inolako aukerarik eman gabe. Eskuinez bizi, oso bizi, ibili du pilota, hankaz ere dagoen bizkorrenetako bat izango da Ezcaraikoa eta une oro piloteoan oso nagusi izan da. Hala ere, halako emaitzak emateko batak asko jokatzen duen bitartean aurkaria ere bere mailatik urrun egon behar izaten du eta horixe gertatu zaio Zenotzekoari ere. Lehen tantoak luze xamarrak izan badira ere, ia inoiz ez du tantoaren ekimenik hartzerik izan Etxeberriak, bere eskuina, Dariorenaren aldean, oso kamutsa agertu da, eta ezinean aritu da partida guztian. Lanerako borondatea izan izan du, baina halako jokoarekin dagoen arerio baten aurka beste zerbait ere behar izaten da eta nafarrak ez du izan.

FITXA TEKNIKOA:

Dario: 22

Peio Etxeberria: 2

Pilotakadak: 196. Iraupena: 40,08 minutu. Markagailua: 5-0, 5-2 eta 22-2. Sakeak: 7 Dariok. Tantoak: 10 Dariok eta 1 Peio Etxeberriak. Galdutakoak: 1 Dariok eta 5 Peio texeberriak. Gorabeherak: Sarrera bikaina, ia beteta, Oñatiko Zubikoa pilotalekuan. Asier Gomez aritu da anaia Darioren botilero lanetan eta Ruben Aiarra izan du alboan Peio Etxeberriak.