INFO

Lan istripuak eta gaixotasun profesionalak nabarmen hazi dira 2021. urtean

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek gogora ekari dutenez, iaz 68 behargin zendu ziren lan istripuetan. Lan istripuak eta gaixotasun profesionalak %10 baino gehiago handitu ziren 2021ean.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuetako ordezkariak Bilbon emandako prentsaurrekoan. (Oscar MATXIN | FOKU)

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek ‘2021eko Hego Euskal Herriko lan istripuei buruzko txostena’ aurkeztu dute astearte honetan Bilboko ELAren egoitzan. Sindikatuek txostenean erregistratu dutenez, iaz 68 langile zendu ziren lan istripuetan Hego Euskal Herrian, 2020an baino bi gutxiago. Istripu hilgarriez gain, bestelako lan istripuek eta gaixotasunek bai EAEn eta bai Nafarroan hazkunde nabarmena izan dutela salatu dute, %10,2 eta %16,7, hurrenez hurren.

Herrialdeka, istripu hilgarri horietatik  22 Bizkaian gertatu ziren, 16 Gipuzkoan, 10 Araban eta 20 Nafarroan. 2020 urtearekin alderatuz, Arabak izan ditu datu baikorrenak, zortzi biktima mortal gutxiago erregistratu baititu. Nafarroan, aldiz, lanean hildako beharginen kopurua bikoiztu egin da ia, bederatzi lagun gehiago zendu baitira.

Dena den, sindikatuek eta erakundeek argitaratutako datuen artean alde esanguratsua dagoela salatu du ELAko bozeramaile gisa mintzatu den Izaro Mujikak. Izan ere, gehiengo sindikalak 68 biktima erregistratu dituen bitartean, Lakuako eta Iruñeako Gobernuek 48 lan istripu hilgarri zenbatu dituzte.

Datu ofizialen eta sindikalen arteko aldearen zergatiaz galdetuta, LABeko Luli Erasok zehaztu du Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak garraiolariek izandako istripu hilgarriak eta ‘in itinere’ gertatutakoak (lantokira bidean edo lantokitik bueltan gertatutakoak) lan istripu bezala zenbatzen dituztela eta, administrazioek, ostera, trafiko istripu gisa. Gainera, lan istripuetan hildakoen %15,6 garraiolariak izan zirela zehaztu du hemen gehiengo sindikalak.

«Kontzeptuz, lan istripua lan orduan eta lantokian gertatzen den istripua da. Garraiolarien lanpostua beraien garraioa edo kamioia da, gainera, kasu askotan, lanaldi izugarriak eginez. Beraiek lanean daude eta beraien lantokia mugitzen den lantokia da; orduan, guretzako, inongo dudarik gabe, lan istripuak dira», ebatzi du Mujikak.

Hilkortasunari sektoreka erreparatuz gero, industria sektorean erregistratu dituzte heriotza gehien, %44; ondoren zerbitzuen sektorean, %28; eta, jarraian, eraikuntzaren sektorean, %11. Txostenaren egileek aipamen berezia egin diote basogintzaren sektoreari. Izan ere, sektore honetan Hego Euskal Herriko langileen %2,2k bakarrik lan egiten duten bitartean, sei langile zendu dira bertan lanean zebiltzala. Hau da, lan istripuetako biktima mortal guztien %13.

235 lan istripu egunean

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek ohartarazi dutenez, Hego Euskal Herrian 235 lan istripu izan ziren 2021eko egun bakoitzean. Konkretuki, 205 EAEn eta 30 Nafarroan.

EAEren kasuan, 73.133 istripu berri eta 1.513 berrerortze erregistratu zituzten, 2020an baino %10,2 gehiago. Larritasunari dagokionez, baja eragin zuten istripuen %95 arinak izan ziren eta %5,  istripu larriak. Hori horrela, istripu arinek %15,4ko hazkundea izan dute EAEn eta larriek, ostera, %7,1ekoa. Orotara, lan istripuen intzidentzia tasa, 1.000 langileko istripu kopurua, %14,7 igo da 2021ean EAEn.

Nafarroan, ostera, 10.892 istripu arin eta 77 istripu larri erregistratu ziren iaz, 2020an baino 1.563 eta 7 gehiago, hurrenez hurren.

Minbizia

Erasok azaldu duenez, Hego Euskal Herriko minbizien %5ak lan jardueran du jatorria. Datua are kezkagarriagoa da industriaren sektorean, izan ere, Erasok kritikatu du sektore horretako langilegoarengan atzematen diren minbizien heren batek baino gehiagok duela jatorria lanean.

Ildo beretik, txostena argitaratzeko elkartu diren sindikatuek jakinarazi dute 2021ean, gutxienez, 17 pertsona zendu zirela amiantoak eragindako gaixotasunek jota Hego Euskal Herrian, dela lanpostuko esposizioagatik edo dela etxean lan-arropak garbitzeagatik. Alabaina, deitoratu dute heriotza horietako asko ez direla «laneko gaixotasun gisa deklaratzen».

Lan-ikuskariak eta mutuen publifikazioa

Gehiengo sindikalak hainbat eskaera plazaratu dizkie Lakuako eta Iruñeko Gobernuari, azkenik, lan istripuei amaiera emate aldera.

Lehenik eta behin, lan ikuskaritza areagotzeko eskatu dute. Horretarako, esplikatu dute EAEn, gutxienez, 100 teknikari gehiago beharko liratekeela eta Nafarroan, aldiz, 50 gehiago. Bestalde, Nafarroako Gobernuari Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren aldeko eskumenak «berreskuratu» behar dituela adierazi diote.

Bestetik, mutuak eta prebentzio-zerbitzuak «publikoak» izan behar direla exijitu dute, egungo planteamenduan osasunaren eta prebentzioaren ikuspegitik eraginkorrak ez direla argudiatuz. Bukatzeko, prebentzio-arloan isunak jaso dituzten enpresak kontratatzeko debekua eta Hego Euskal Herriko enpresa guztiei arrisku psikosozialeko ebaluazioak egitera behartzeko galdegin die ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRUk Urkullu eta Chiviteren exekutiboei.