INFO

Defentsan handi eginda, Bera Bera liga laztantzen hasia da (33-24)

Donostiarrak Atletico Guardes baino gehiago izan dira, hasi eta buka. Atsedenaldirako sei goleko aldea ireki dute eta bigarren zatian patxadaz jokatu ahal izan dute, jokoaz disfrutatzen. Defentsan sendo egonda eraiki dute garaipena, beste bat gehiago. 

Emma Boadak Bera Bera gidatu du lehen zatiaren bukaeran eta bigarrengoaren hasieran. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Ligak bi asteko atsedena izango du segidan eta Bera Berak apur bat gehiago itxaron beharko du ospakizunak hasteko. Zortzigarren liga garaikurra oso gertu dauka, are gertuago Atletico Guardes garaitu ostean. Arratsaldean Malagak egin duenaren zain, bigarren sailkatu La Calzadari zortzi puntuko aldea ateratzen dio, beste horrenbeste puntu jokatzeke daudenean. 

Imanol Alvarez aulkian hain lasai egotearen seinale da Bera Berak erakusten duen ziurtasuna, nahiz eta azken partidetan hastea kosta egin zaion. Larunbat honetan, ordea, aurkariari ez dio itxaropenerako tarterik ere utzi. Beharbada, lehendabiziko hiru minutuetan, partida parekatuen egon den unean. 2-3ko markagailutik, baina, 5-3ra segituan pasa dira, defentsan handi eginda, Alice Silvaren hiru geldiketekin batera –orotara, bost bat baloi galdu ditu Atletico Guardesek–. 

Bosna berdintzea lortu dute Pradesen jokalariek –Jose Ignacio Pradesek ligan Donostian jokatzen duen azken partida izan da gaurkoa, taldea utzi eta selekzioan zentratuko baita– baina irudipena soilik izan da, beste 6-0eko partzial batekin partida bideratuta utzi baitute etxekoek. Pradesek 9-5eko markagailuarekin hutsartea eskatuz, Bera Beraren nagusitasuna gelditu nahi izan du baina geldialditik bueltan bi baloi galdu ditu bere taldeak eta 7 metroetako jaurtiketa bat huts egin du (11-5). 

Imanol Alvarezek taldea bere osotasunean erabiltzeko aukera ederki baliatu du –soilik Mirene Moreno egon da min hartuta–. Lehen zati osoan hiru talde eredu kantxaratu ditu eta hiruek eman diote emaitza –bigarren zatian ere beste bi talde eredurekin jokatu du–. Polonio eta Cesareo kantxan zeudela bi pibotekin jokatzeko hautua ere egin du; hasieran, Laura Hernandez eta Esther Arrojeriak gidatu dute taldea, ondoren Cavo, Mariane Fernandes eta Boadak, Maitane Etxeberriaren uneoroko fideltasunarekin batera. 

Defentsan ere karta dezente ditu Bera Berak: Hernandez, Menendez, O'Mullony, Loidi... Eta atezainak, nola ez. Lehen zatian zortzi geldiketa egin ditu Silvak eta Aallak ere egin du bere ekarpena 7 metroetako jaurtiketa bat geldituz, Pradesen desesperaziorako. 

Bospasei goleko aldea gehiago murriztea ezinezko bilakatu zaio talde galiziarrari lehen zatiaren bukaeran –Hernandez 7 metroetatik eta Cavo oso fin aritu dira erasoan; orotara, 7 eta 5 gol egin dituzte, hurrenez hurren– eta bigarren zatirako, iraultzeko ezinezkoa egin zaion markagailuarekin joan da (17-11). Aldageletatik bueltan, ordea, donostiarrak kamuts hasi dira eta Santiagoren bi golek urduritasuna piztu duten arren, segituan itzartu dira etxekoak: Ugartemendia eta Boadak partidako lehen golak egin dituzte, amorru handiz eta atean Silvak erakustaldiarekin jarraitu du markagailuko aldea zortzi golera handitzeko (21-13). 

Kantxan disfrutatzen

Santiago izan da Atletico Guardesen iparrorratza bigarren zatian (12 minutuan bost gol egin ditu) eta Donostiara gerturatu diren zale galiziarren animoak berpiztu ditu baina bere gol bakoitzean Bera Berak ere atea aurkitu du (Boada eta Loidi), 40. minuturako partida –liga bezala– erabakita zegoela ohartarazteko. 

Defentsako lana lineala izan da hasi eta buka, Bera Berak inoiz ez du eskurik jaitsi eta horren adierazle da 51. minutuko 29-19 markagailua edota Loidiren korrikaldia 56. minutuan Silvaren aldaratzea kanpora atera zedin saihesteko.

Donostiarrak disfrutatzen dabiltza kantxan, Imanol Alvarez ere taldea bere osotasunean erabiltzeko aukera izaten ari da –lesioek errespetatuta, talde oso zabala dauka Bera Berak– eta Kopara forma betean iritsiko dira. Liga jada erabakita uzteak ere ematen du lasaitasuna beste txapelketan buru-belarri jartzeko.