INFO

AEBekin migrazioen inguruan mintzatuko dela iragarri du Kubak

Ostegun honetan AEBetako funtzionarioekin migrazioei buruz solastatuko dela iragarri du Kubako Gobernuak. Joe Bidenen administrazioarekin eginen duen goi mailako lehen topaketa izanen da.

Joe Biden AEBetako presidentea Washingtongo Etxe Zurian, joan den igandean. (Stefani REYNOLDS | AFP)

Kubako Kantzilergoak jakinarazi duenez, Washingtonen bilduko dira Ameriketako Estatu Batuetako funtzionarioekin migrazioei buruz hitz egiteko. Carlos Fernandez de Cossio Kanpo Harremanetarako ministrordea buru dela, goi mailako lehen topaketa eginen du Joe Bidenen Gobernuarekin.

Twitter bidez eman du albistea Kubako Gobernuak, AEBetako Migrazio eta Aduanen Kontrol Zerbitzuak (ICE) Kubak bere herritarren itzulera onartu gabe hilabeteak daramatzala salatu eta sei egunera. ICEren arabera, Kubak ez du bere herritarren deportazio bat ere onartu joan den urritik. Ordutik 20 kubatar soilik bueltatu dira uhartera eurek nahi izan dutelako AEBetatik.

 

Kubatar ugari ari dira AEBetara iristen

Azken hilabeteetan aunitz handitu da batez ere AEBetara doazen kubatarren kopurua. Adituek irlak bizi duen krisi ekonomiko larriarekin lotzen dute migrazio hori.

Agintari estatubatuarren datuek diotenez, urritik otsailera 47.331 kubatar sartu ziren AEBetan eta otsailean bakarrik 16.657 kubatar iritsi ziren mugara, inoiz baino gehiago.

Habanak migrazio «ordenatu, legal eta kontrolatu» baten alde egiten du eta Washingtoni leporatzen dio AEBetarako norabidean «fluxu irregularrak» sortzea, baita migrazioen gaian bi aldetako akordioak haustea ere.

Gobernu kubatarrak 1966ko legea indarrean egotearekin ere erlazionatzen du migrazioen ugaritze hori. Lege horrek AEBetan urtebete eta egun bat bizi ondotik behin betiko erresidentzia lortzeko aukera ematen die kubatarrei.