INFO

Food 4 Future kongresuak 7.000 profesional bilduko ditu maiatzaren 17tik 19ra BECen

Maiatzaren 17, 18 eta 19an egingo da Bilboko BECen Food 4 Future kongresuaren bigarren edizioa. 350 aditu baino gehiago izango teknologia, berrikuntza eta iraunkortasuna ardatz dituen ekitaldian.

Food 4 Future kongresuaren bigarren edizioaren aurkezpena. (Azti)

Food 4 Future-Expo Foodtech, elikagaien eta edarien industriarako berrikuntzaren nazioarteko ekitaldiaren bigarren edizioa, maiatzaren 17, 18 eta 19an egingo da Bilboko BECen eta elikagaien eta edarien industriako 7.000 profesional baino gehiago erakarriko dituela espero da. “The Foodtech Revolution” izango du lema 2022ko edizioak.

Arantxa Tapiak, Lakuako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eta BECeko presidenteak; Ainara Basurkok, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko foru diputatuak; Rogelio Pozo, Food 4 Future World Summit kongresuko zuzendariak eta AZTIko CEOak; eta Sergio Fabregatek, Food 4 Future-Expo Foodtech azokako zuzendariak, edizio berri hau aurkeztu dute asteazken goizean.

Aurreratu dutenez, ekitaldiaren hiru egunetan, 250 enpresa erakusketarik baino gehiagok euren azken irtenbideak aurkeztuko dituzte eta 386 aditu izango dira Food 4 Future World Summit-en industriaren etorkizuneko erronkei buruz duten ikuspegia ezagutzera emango dutenak.

Adituen artean izango dira Carmen Gómez-Acebo, Coca-Colako jasangarritasun-arduraduna; Joseph Gridley Soil Association-eko zuzendaria; Paul Newnham, SDG2 Advocacy Hub-eko zuzendaria; edo Itziar Tueros, AZTIko Elikagaiak eta Osasuneko Koordinatzailea, kasurako.

Teknologia elikaduraren mesedetan

Iraunkortasuna, berrikuntza eta teknologia ditu ardatz Food 4 Future ekimenak eta, zentzu horretan, elikaduraren eta edarien industriak eta bere segmentu guztiek (haragia, arrantza, esnekiak, olioaren industria, nekazaritza, zerealak, kontserbak eta edariak) dituzten erronkak eztabaidatuko dira hiru egunetan.

Automatizazioa, prozesatzeko teknika berriak, osagai berriak eta jasangarritasuna izango dira Food 4 Future kongresuko 6 auditoriumetako eta 183 orduko hitzaldietako gai nagusietako batzuk. Adituek arrantza-industriako, haragi-industriako eta nekazaritza- industriako elikagaien ekoizpen adimendunean Big Data edo Adimen Artifiziala bezalako teknologien erabilera landuko dute, baita teknologia berriek elikagaien osasuna eta segurtasuna hobetzen nola lagun dezaketen ere.