INFO

Munduko migratzaileen laurdena baino gehiago Amerikan dago

Munduko migratzaileen laurdena baino gehiago Amerikan dago eta kontinenteak pertsona horiek babestu eta hazten ari den migrazio fluxuari erantzuteko erronka izugarria du, Gurutze Gorriaren eta Ilargi Gorriaren Nazioarteko Federazioak adierazi duenez.

Honduras eta Haitiko migratzaile talde bat errefuxiatuentzako eremu batean, Tijuanan. ( Patrick T. FALLON | AFP)

Amerikan dago munduko migranteen laurdena baino gehiago eta kontinenteak ez du erronka makala pertsona horiek guztiak babestu eta hazten ari den migrazio fluxuari erantzuteko. Hala nabarmendu du Gurutze Gorriaren eta Ilargi Gorriaren Nazioarteko Federazioak (IFRC ingelesez). Larrialdietarako antolakunde honek pertsona migranteen bizitzak salbatzeko dei egin die gobernuei, baita oinarrizko zerbitzuak eta inklusiorako bitartekoak segurtatzeko ere. Klima larrialdia eta hondamendiak direla-eta mugitu beharrean egon daitezkeen lagunei gehiago laguntzeko ere eskatu die.

Federazioak adierazpen bat argitaratu du migrazioen inguruan Panaman antolatutako ministerioen bileraren testuinguruan. Astearte eta asteazken honetan Ameriketako 20 herrialdetako ordezkariak bildu dira.

«Estatuak, giza antolakundeak, nazioarteko agentziak eta gizarte zibila erronka ikaragarri baten aurrean daude: egoerarik ahulenean, bazterrean utzita dauden migratzaileen beharrak bete eta beren duintasuna zaintzea. Pertsonen trafikoa, diskriminazioa, indarkeria eta oinarrizko zerbitzu eta babes falta jasaten segitzen dute», esan du IFRCeko Ameriketako zuzendariak, Martha Keaysek.

Federazioaren arabera, Ameriketan kasik 73,5 milioi migratzaile daude, mundu osoko migranteen laurdena baino gehiago.

«Aurrekaririk gabeko migrazio fluxuak daude. 2020an bakarrik 4,7 milioi pertsonak mugitu behar izan zuten kontinentean hondamendien ondorioz. Hamar urtetan izandako kopururik handiena da. Panaman, joan den urtean 134.000 lagunek gurutzatu zuten Darieneko pasabide arriskutsua, tartean 22.000 haurrek», agertu du erakundeak.

Duela urte batzuetatik hona Darien eskualdeko oihana, Panama eta Kolonbiaren arteko muga naturala, erabiltzen dute mundu osoko migratzaileek Ertamerikan sartu eta AEBetara iristeko, baina 2021ean marka guztiak hautsi ziren urte bakarrean ia aurreko hamarkada guztian adina jendek pasatu baitzuen muga bertatik.

IFRC eta bere kideek Ameriketako herrialde guztietako gobernuak deitu dituzte Gurutze Gorriaren lana erraztera, pertsona migratzaileen beharrei erantzuteko, beren estatusa eta paperak gorabehera.

Panamak eta AEBek kudeaketa hobetzea adostu dute

Bestetik, Panamak eta AEBek akordio bat sinatu dute «migrazio irregularren kudeaketa hobetzeko». Juan Pino Panamako Segurtasun ministroak eta Stewart Tuttle AEBetako enbaxadako negozioen arduradunak izenpetu dute dokumentua.

Erika Mouynes Panamako Atzerri ministroa mintzatzen eta Antony Blinken AEBetako estatu idazkaria entzuten, Panamako bilkuran. (Brendan SMIALOWSKI/AFP)

Bertan, konpromiso batzuk zehazten dituzte; migratzaileak hartzen dituzten komunitateen eta mugitzen diren pertsonen egonkortasunaren alde egitea, migratzaileen babesa handitzea eta legezko alternatibak ugaritzea, besteak beste. Migratzaile eta errefuxiatuen fluxu historikoei erantzun nahi dietela nabarmendu dute.

Martxo erdialdean AEBek eta Costa Ricak antzeko akordio bat sinatu zuten.