INFO

New Yorkek 4,8 milioi dolar inbertituko ditu kalamuaren industrian

New Yorkeko alkateak, Eric Adamsek, kalamuaren industria bultzatzera bideratuko den 4,8 milioi dolarreko inbertsioa iragarri du.

Kalamu denda baten ateko kartela, denda irekita dagoela adieraziz. (Brendan SMIALOWSKI | AFP)

Eric Adamsek, New Yorkeko alkateak, marihuanaren industria bultzatzeko 4,8 milioi dolarreko inbertsioa egingo dutela iragarri du asteazken honetan. Egun, kalamuaren aisialdiko kontsumoa legezkoa da New Yorkeko estatuan, hala ere, bere erregularizazio prozesua oraindik ez da guztiz amaitu.

«Kalamuaren industria laguntza handi bat izan daiteke gure susperraldi ekonomikorako, lanpostu berriak sortzeko, historikoki zaindu gabeak izan diren komunitateetan aberastasuna sortzeko eta estatu zein tokian tokiko diru-sarrerak areagotzeko», azaldu du alkateak agerraldi batean.

Ez da kasualitatea izan Adamsek apirilaren 20a aukeratu izana kalamuaren arloko inbertsioak iragartzeko. Izan ere, AEBetan apirilaren 20a 4/20 idazten da, kaleko hizkeran marihuanari erreferentzia egiteko erabiltzen den izen berarekin hain zuzen ere.

Inbertsio berria, zeina Adamsek 2023ko udal aurrekontuetan sartzea espero duen, industria horren hazkundea sustatzera, udal zerbitzuak erkidegoetara hurbiltzera eta lizentziak eskatu nahi dituzten negozioei laguntza teknikoa eskaintzera bideratuko da.

Udalak argitaratu duen oharraren arabera, inbertsio gehienak historikoki indar polizialek «drogen aurkako gerran gehien zigortu» izan dituzten komunitate eta auzoetara bideratuko dituzte.

«Helduok kalamua kontsumitzeko merkatu arautu berri bat aurrean dugun honetan, orain da gure hiriak inbertsio proaktiboak egiteko unea, substantzia horien kriminalizazioak modu neurrigabean kaltetutako pertsonek industria berriaren onurak lortzen dituztela bermatzeko», adierazi du Adamsek.

Aurreikuspen ofizialek iradokitzen dutenez, New Yorken aisialdirako marihuanaren erabilerak 1.300 milioi dolarreko irabaziak sortuko ditu bere lehen urtean. Era berean, agintariek uste dute hiru urteko epean 19.000 eta 24.000 lanpostu bitartean sortuko dituela kalamuaren industriak.

Aldi berean, estatuko gobernadoreak, Kathy Hochulek, marihuanaren legediari buruzko informazio saio gehiago antolatuko dituztela iragarri du. Saio informatibo horiek, batez ere, droga horren menpean gidatzearen arriskuak, etxean gordetzeko metodo seguruak eta publikoan bere errespetuzko kontsumoa izango dituzte ardatz.

«Nazioko kalamuaren industria sendoena eraikitzearen zati bat da newyorktar guztiek marihuanari buruzko datu garrantzitsu guztiak eskura izatea. Baita ere haiei gogoraraztea, apirilaren 20ko ospakizunetan parte hartzen badute, drogen efektupean gidatzea inoiz ez dela segurua, ez dela kalamua neurrigabe kontsumitu behar eta marihuanak hazte prozesuan dauden gazteen garunak kaltetu ditzakeela», adierazi du gobernadoreak.

Egun, AEBetako hamasei estatutan dago baimenduta kalamuaren aisialdirako kontsumoa: Alaskan, Kalifornian, Oregonen, Washingtonen, Nevadan, Coloradon, Michiganen, Illinoisen, Massachusettsen, Mainen eta Vermonten, New Jerseyn, Hego Dakotan, Montanan, Arizonan eta New Yorken. Legea martxan jartze aldera, marihuana landatzea legezkoa da jada New Yorken.