INFO

Ordizian Artzain Egunaz gozatu ahal izan da berriro

Pandemiaren eraginez bi urtez kale egin ondoren, Ordiziako Artzain Eguna ospatu da berriro. Segurako Ondarre baserriko Eneko Goiburuk eta Iurretako SC Gorka Jaio Tamayo-Maite Torres Martinez gaztandegiak jaso dute erregulartasun saria.

2.000 ardi igaro dira Ordiziako herrigunetik. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Asteazkeneroko azokaz gain, egitarau betea antolatu dute Ordizian: esne bildotsak burruntzi eran erreta dastatzeko aukera, ardi eta aharien erakusketa, artaldeak herrigunea zeharkatzen… Iurretako SC Gorka Jaio Tamayo-Maite Torres Martinez gaztandegiak eta Eneko Goiburuk, Segurako Ondarre baserrikoa eta Artzai Gaztako bazkidea, jaso dute erregulartasun aitortza. 

Egun pozgarria da asteazken hau Ordizian, covidaren izurritea dela-eta 2019tik egiten ez zen Artzain Eguna berreskuratu baitute herritarrek. Tokiko produktuak, orain dela 500 urtetik astero-astero egiten den azoka eta Goierriko tradizioak balioan jartzeko balio du Artzain Egunak. Eta, batez ere, elkar topatzeko eta egun eder bat pasatzeko, are gehiago pandemiaren ondotik.

Egitarau erakargarria prestatu dute, euri eta haize jasa guztiak goxatzeko modukoa. Goizean esne bildotsak burruntzi eran erretzen hasi dira Garagartza Plazan, gero pintxotan banatzeko. Ateratako dirua Aspanogi elkartera bideratuko dute.

Ardi eta aharien erakusketa zabaldu dute Garagartzan, eta herriguneko kaleetan hainbat postu jarri dituzte, gazta, ezti, pastel eta gozoz beteak.

2.000 ardi herrigunetik pasatzen

Eguneko momenturik ikusgarrienetako bat, jendeak emozioz itxaroten zuena, transhumantzia oroitzeko egindako ekintza da. 11.00etan 2.000 ardi igaro dira herrigunetik eta irudi ederrak utzi dituzte.

Jarraian, Idiazabal Gazta berriaren denboraldia zabaldu dute, gaztaren mozketarekin. Aurtengoan, Tolosako Ama Tabernako Javi Rivero eta Gorka Ricok egin dute. «Gazta berriak sukalde eta ekoizle berri eta gazteen indar bera dauka, zoragarria da» esanez eman diote hasiera gazta berriaren denboraldiari.

Riverok agertu du beren sukaldari lana ekoizle txikiak errespetatzean oinarritzen dela, baita eurekin eraikitzen duten harremanean ere, nekazari, abeltzain eta arrantzaleekin. «Merkatu txikiak bisitatzen ditugu, produktua hartu, kozinatu, eta sukaldatzetik harago doan zentzu bat eman», deskribatu du.

Hainbat elkarte eta erakunderen babesa izan du ekitaldiak. Bertan izan da, beste askoren artean, Javier Hurtado Lakuako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua, Ordiziako Udalaren ondoan. Hurtadok adierazi duenez, halako azokei esker nazioarteko helmuga gastronomiko ospetsuenetako bat da Euskal Herria.

Eguneko beste une hunkigarri bat Luis de Lezamari egindako omenaldia izan da. Lezama Nazioarteko Ostalaritza Taldearen presidente eta sortzailea da eta Idiazabal Gazta bultzatu du bere ibilbide oparoan.

Arratsaldean emakumezkoen pilota partidek borobilduko dute eguna, Beti Alai pilotalekuan.