Bilbao Athletic animatzeko deialdia eta herri harmailan izena emateko epea
Klubak igandean Bilbotik Lezamara joateko autobusak antolatu ditu eta Iñigo Cabacas Herri Harmailak bigarren taldea animatzera joateko deialdia zabaldu du. Maila mantentzeko erabakigarria izan daitekeen partida jokatuko dute SD Logroñesen aurka.
Bilbao Athleticek partida garrantzitsua jokatuko du igande honetan Lezaman. Eguerdiko 12.00etatik aurrera SD Logroñes taldearen kontra neurtuko dituzte indarrak. Jaitsiera postuetatik kanpo daude zuri-gorriak. Une honetan, hiru puntuko aldea daukate Talavera taldearekiko.
Lezaman izango duten aurkaria ere hiru puntu gainetik daukate sailkapenean eta garaipena lortuz gero sekulako pausoa emango lukete maila mantentzeko.
Patxi Salinasekin goraka egin du taldeak bigarren itzulian. Pascual eta Rementeriaren fitxaketekin batera, Basconiatik igotako jokalariek taldearen lehiakortasuna igo dute. Malcom Adu Ares eta Luis Bilbao hegaldeko jokalariek eta Beñat Gerenabarrena erabakigarriak izan dira, nahiz eta erdilari lekeitiarrak azken partidak galdu bizkarreko minarengatik.
Defentsaren ezkerrean ere arazoak ditu Bilbao Athleticek. Kortazar lesionaturik dago eta Oier Lopez jokatu gabe egon da azken hilabeteetan. Erdiko atzelaria den Jaso aritu da azken partidetan, baina zigortuta dago.
Bigarren talde zuri-gorriari babesa emateko autobusak antolatu ditu klubak. Bilbotik aterako dira eta izena eman beharra dago. Iñigo Cabacas Herri Harmailak ere deialdia egin du animatzera hurbiltzeko.
Bestalde, Athleticek herri harmailan izena emateko epea ireki du. Apirilaren 27rarte egongo da zabalik. 4.000 zale elkartu nahi dituzte iparraldeko harmailan. Iñigo Cabacas Herri Harmaila kokatzen den tokian dauden bazkideek lehentasuna izango dute. Abonatu gazteentzat ere gordeko da harmailaren erdia. 28 urtez beherakoek 300 euroko kuota ordainduko dute eta 370 euro nagusiagoek.