Nafar Gobernuak proposatutako Merezimenduen Dekretuaren kontra 1.200 kexa bildu ditu Behatokiak
Hizkuntza Merezimenduen Dekretuaren kontra Nafarroa osoko herritarrek aurkeztutako 1.200 kexa bildu ditu azkeneko hilabeteetan Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta ostegun honetan Maria Chiviteren Gobernuaren egoitzan erregistratu ditu.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiko ordezkaritza bat Nafarroako Gobernuaren egoitzara gerturatu da ostegun honetan Hizkuntza Merezimenduen Dekretuaren kontra herrialde osoko herritarrek aurkeztutako 1.200 eskaera erregistratze asmoz.
Herritar euskaldunez gain, Nafarroako iparraldetik, erdialdetik eta hegoaldetik etorritako ehunka herritar erdaldunek lagunduta agertu da Behatokia. Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariarekin batera, bertan izan dira Ainara Iparragirre, Ainhoa Jauregi, Juanja Iturralde, Itxaso Telleria, Ander Loiola eta Aimar Jusue.
Nafarroako Gobernuak administrazio publikoetan lanpostuak lortzeko eta betetzeko merezimenduen balorazioa arautzen duen Foru Dekretuaren zirriborroak ezarritakoekin kexu dira herritarrak.
Gogoratu dutenez, Gobernutik proposatutako Merezimenduen Dekretu berria onartzen bada, «Euskararen Legeak ezarritako eremu euskaldunean eta eremu mistoko lan-postu publiko gutxi batzuetan soilik baloratuko da euskararen ezagutza», salatu dute.
«Ez hori bakarrik, legeak berme gehien eskaini beharko lukeen eremu euskaldunean izendatutako lanpostuetan ere, deialdi batzuetako merezimenduen atalean euskarak %20 arteko pisua izatetik gehienez %10 inguruko puntuazioa izatera pasatuko da», gehitu dute.
Era berean, Behatokiak, euskararen ezagutzarik izan ez arren, herritarrei administrazioarekin euskaraz jarduteko eta zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea murriztea diskriminatzailea dela adierazten duten herritarren idatziak ere erregistratu ditu.
Desberdinkeriak areagotzen
Zerbitzuak gaztelaniaz edo euskaraz jaso nahi dituztenen arteko desberdinkeriak areagotzen dituztela salatu dute, eta, beraz, euskararen ezagutzarik izan ez arren, zerbitzu publikoak euskaraz gaitzeko neurriak eskatzen dituzten Nafarroako hego zein iparraldeko ehundaka herritarren eskaerak ere jaso eta erregistratu ditu Behatokiak.
Honengatik guztiagatik, Behatokiak eta bertaratutako herritarrek eskatu diote Nafarroako Gobernuari ezarri asmo duen Merezimenduen Dekretuak herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko moduko merezimendua ezar diezaiola euskararen ezagutzari.
Gainera, Behatokiak eta gaurkoan erregistrora gerturatu diren herritarrek bat egin dute heldu den maiatzaren 7an Iruñean Kontseiluak ‘Herritarrak ez gutxietsi’ lelopean deitutako manifestazioarekin.