INFO

Vanesa Gimbertek futbola utziko du denboraldi bukaeran, 23 urtez goi-mailan lehiatu ostean

Jokalari bergararrak 42 urte bete berri ditu eta denboraldi bukaeran erretiroa hartuko du. 23 urte eman ditu goi-mailan jokatzen, azken 9 urteak Athleticen elastikoa defendatuz. Aurretik, Levante, Huelva, Sevilla, Rayo eta Espanyolen aritu zen. Euskal jokalari loriatsuenetakoa da: 5 liga eta 5 kopa.

Vanesa Gimbert iazko denboraldian Huelvako Sporting taldearen aurka. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ligako jokalari beteranoena da Vanesa Gimbert bergararra. 42 urte bete berri ditu eta goi-mailan bere azken partidak jokatzear dago. Denboraldi bukaeran erretiroa hartuko duela iragarri du Athleticek. 

23 urte eman ditu goi-mailan jokatzen. 1999. urtean egin zuen debuta Levanterekin. Lau urte eman zituen bertan eta ondoren, Huelvako Estudiantesera joan zen urtebetez. Sevillan, Rayon eta Espanyolen hiruna urte eman ostean, Athleticera iritsi zen gipuzkoarra, 33 urte zituela. Elastiko zuri-gorriarekin inoiz debuta egin duen jokalari zaharrena bilakatu zen 2013an. 

Ordutik, 9 denboralditan, taldeko ikurra izan da Gimbert. Bere kirol-lorpenen zerrenda ere biribildu zuen 2016an irabazitako liga garaikurrarekin. Orotara, bost liga eta bost Kopa irabazi ditu eta beraz, euskal futbolari loriatsuenetakoa da. 

«Lezamako bederatzi denboraldietan profesionaltasunaren, diziplinaren eta iraunkortasunaren adibide izan da», adierazi du klub bizkaitarrak. Bere erregulartasunaren ondorioz, jokatutako partida jarraien errekorra ere sinatu zuen 86 neurketekin, minutu guztiak jokatuz. Orotara, 248 partida jokatu ditu Athleticekin eta 41 gol sartu ditu.

Defentsa lanetan aritu ohi den arren, nabarmendu behar da bere estreinako sasoian 13 gol sartu zituela elastiko zuri-gorriarekin. Aurtengo denboraldian bere parte-hartzea murritzagoa izan da, 13 partida jokatu ditu (965 minutu), inoizko gutxien (2020an pandemiagatik liga bere horretan geratu zelako jokatu zituen 14 partida bakarrik. 

Maiatzaren 15ean jokatuko du bere azken neurketa egun ligako jokalari beteranoena denak. Athleticek Sevillaren aurka jokatuko du txapelketako azken neurketa Lezaman (ordua zehazteke) eta klubak nabarmendu duenez, «zaleen eta emakumezkoen futbolaren errekonozimendua sentitzeko aukera izango du».