Preso errepublikarren trenbidean barna, oroimena eta gatiburik gabeko herri baten xedea lotuz
Gernika bonbardatu zuteneko 85. urteurrenean, Sare Gernika-Lumok preso errepublikarrek berreraikitako trenbideari erreparatu, eta oroimen ibilbide bat antolatu du, tren geltokitik Pasealekura. Gatibuak zeuden 1937an, oraindik badaude, baina bihar ez egoteko indar guztia jarriko dute.
Gernikaren bonbardaketaren 85. urteurrenaren harira, Sare Gernika-Lumok ibilbide bat osatu du preso errepublikarrek berreraikitako trenbidean barna. Antolatzaileek NAIZi kontatu diotenez, 50 lagun elkartu dira larunbat honetan tren geltokian. Lilibertso elkarteko bertsolariek abestu dute eta familia argazkia egin dute preso errepublikarren argazki batekin. «Urtero egiten dugu argazkia irudi zahar batekin, nondik gatozen oroitzeko».
Bertatik Pasealekura abiatu dira, 1937an merkatu plaza zenera. Bidearen ardialdera, Merkurio plazan gelditu dira. Esku-orriak prestatu dituzte preso errepublikarrek trenbide hau berreraikitzeko egin zituzten lanen historiarekin, eta hori azaltzeaz gain, Edorta Jimenez mundakarraren ‘Azken fusila’ liburuaren pasarte bat irakurri dute musikaz lagunduta. Preso errepublikar ohi haietako batzuk Jimenezen senideak ziren eta liburua haietako bati eskainia da.
Amaieran, Pasealekun, Josu Barandika Gernikako bizilagunak, bermeotarra jaiotzez, haurra zela preso errepublikarrekin izan zuen elkarbizitza kontatu du: nolakoak ziren barrakoiak, nola jartzen zituen guardia zibilek presoak ilaran lanera behartzeko…
Ondotik, ekitaldiaren zioa agertu dute antolatzaileek. Gaur egun Bermeo-Bilbo trena noiznahi eta noranahi joateko hartzen dute inguruko herritarrek. Eta garrantzitsua iruditzen zaio Sareri bere historia jakitea, nondik gatozen ezagutzeko.
Bestelako gogoeta bati ere erreparatu nahi dio: «Duela 85 urte presoak baziren Gernikan, eta oraindik badaude, 85 urteotan konpondu gabeko gatazka baten ondorioz. Memoria ariketa egiteaz gain, gure bokazio eta lan guztia bideratuko dugu gatazka hori konpontzera, presorik gabeko Gernika bat lortzeko. Nondik gatozen jakiteak gaurdaino garamatza, biharkoa eraikitzeko: presorik gabeko herri bat».
Gatibu eta zigortuen lana
Preso eta zigortuek bi unetan esku hartu zuten Zornotza eta Bermeo arteko trenean: lehena, Gernika gudaroste errebeldearen mende gelditu bezain laster, 1945era arte. Bigarrena, 1953an Bermeoko espetxe destakamendua sortu zenetik 1958an desegin zen arte. Lehen etapan zigortuetako gehienak errepresaliatu errepublikarrak, gudariak, miliziano eta soldaduak izan ziren; aldiz, bigarrenean, zigor arruntengatik epaituriko presoak izan ziren, nagusiki.
Beste helburu zibil askoren artean, Francoren aliatu ziren hegazkin alemaniar eta italiarretatik botatako bonbek geltokia eta trenbideko material mugikor asko erabat suntsitu zituzten. Lehentasuna gatazkan suntsitutako instalazioak eta material mugikorra berreraikitzea izan zen. Hala ere, gerra amaitu ondoren, Estatuak trenbideak ustiatu zituenean, Pedernales eta Bermeo arteko trenbidea luzatzea planteatu zen. Hala jasotzen du Juanjo Olaizolak ‘Los presos del ferrocarril de Bermeo. Historias del tren’ artikuluan.
1953ko urtarrilaren 21ean libertoak Bermeo eta Sukarrieta arteko trenbidearen luzapenean lanean hasi ziren. Hasieran 20 gatibu zituen eta 1953ko abenduan, 43. 1956an trenbidea sendotzeko eta hobetzeko lanetan jarraitu zuten. Eta 1958ko maiatzaren 30ean trenbideko lanak amaitu, destakamendua itxi eta bertan zituzten 30 bat presoak lekualdatu egin zituzten.
Gernikaren berreraikuntzarekin behartutako langile eta batailoietatik tiraka 1942.urtean 182 preso zituzten jada. Urte bat geroago 250ra igoko zen kopurua. 1944an zenbaki hori 97ra jaitsiko zen. Horiei ‘liberto’ izeneko ehunen bat langile gehitu zitzaizkien. Gernikako berreraikuntzaren lanak amaitzen zihoazen heinean langile soldaduen ekinbidea murrizten joan zen, eta 1945ean bertan behera geratu zen.