Eskuin muturrak hauteskundeetan izan duen gorakada «beldurgarritzat» jo du EH Baik
Hauteskunde presidentzialetan Estatu frantsesean eta Ipar Euskal Herrian izan den eskuin muturraren gorakada nabarmena «beldurgarria» dela adierazi du EH Bai koalizio abertzaleak. Ekainean izanen dien hauteskunde legegileetan bere hautagaien aldeko bozka galdegin du.
Apirilaren 24an izan diren Estatu frantseseko hauteskunde presidentzialetan Marine Le Penen eskuin muturrak lortu duen bozken igoerak aditzera ematen duen ideien normalizazioa «beldurgarritzat» jo du Euskal Herria Baik. Gorakada Ipar Euskal Herrian ere nabarmena izan dela azpimarratu du. Ezker abertzaleko koalizioak bere hautagaien aldeko bozka eskatu du heldu den ekainean izanen diren hauteskunde legegileetan.
Igandeko emaitzei begiratuta koalizioak nabarmendu du, hautesleen laurdena ez dela bozkatzera joan, eta 2017ko emaitzekin konparatuta Emmanuel Macronek Ipar Euskal Herrian 11.000 bozka gutxiago lortu dituela, baita bozka zuri eta baliogabeen kopuruak nabarmen egin duela gora.
Bi itzulien artean aditzera eman zuen legez, EH Baik hurrengo legealdian oposizioan kokatuko dela berretsi du, Macronen politika liberalen kontra karrikan borrokatzen segituz.
«Eskuin muturra borrokatzeko engaiamendua berresten dugu, bere proiektu politikoa, xenofoboa izateaz gain, ez baitu ordezkatzen sistemari aurre egiteko aterabidea» baieztatu du koalizioak.
Hauteskunde legegileak
Ekainaren 12an eta 19an izanen diren hauteskunde legegileetan EH Baiko hautagaien aldeko bozka eskatu du, «tokiko alternatiben eta norbanakoen eskubideen defentsa lehen lerroan jarriko» dutelako.
Eskuinaren eta eskuin muturraren kontrako borrokan indar politiko, sindika eta elkarte munduak batera lehiatu behar dutela gaineratu dute.