INFO

Hamar ipuineko sorta aurkeztu du Santi Leonek ‘Liztor mutanteak’ liburuan

Hamar ipuin bildu ditu Santi Leonek ‘Liztor mutanteak’ (Susa) liburuan. Errealitatetik abiatuta, errealitate horrretatik ihes egiteko askotan, fikzioan sartzen da idazle iruindarra. Ezagutzen dutenek autorearen zantzuak ere antzemango dituzte pertsonai batzuetan, lan biografikoa ez bada ere.

Santi Leone, Donostiako Bulebarrean, ipuin bildumarekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

Hamar ipuinek osatzen dute Santi Leone idazle iruindarrak prestatu duen ‘Liztor mutanteak’ (Susa) bilduma. Lehendik saiakeran aritua zen Leone, baina oraingoan fikziozko lehen lburuari ekin dio.

Anekdota batekin hasi du gaur Donostian egin duten liburuaren aurkezpena Leonek. Poesia lehiaketa batera aurkeztu zen eta akzesit bat lortu zuen. «Lortu dudan sari bakarra», onartu du. «Kontua da garai horietan bazebilela unibertsitatean beste poeta bat, Manolo izenekoa. Eta fama handia zuen ikasleen artean. Jende guztiak esaten zuen ‘Manolo aurkeztu izango balitz, seguraski irabaziko zuen’. Idatzita ez dagoen poema batekin lehiatzea oso zaila zela pentsatu nuen nik. Idazten ez den obra beti idazten dena baino hobea izaten da», kontatu du. Ildo honetan ere Charles Chaplin ekarri du gogora. Filmetan bi gidoi daudela esan zuen. Bata grabatzen dena eta bestea bidean gelditzen dena. Eta bidean gelditzen dena beti hobea zela zioen Chaplinek.

Honekin erabat ados ez dagoela onartu du Leonek. Izan ere, liburua idazteko garaian hainbat ipuin kanpoan geratu baitira. Horietako batzuk lagunek egindako gomendioei jarraituz baztertu zituen liburua argitaletxera bidali baino lehen eta azkenean Leire Lopez Ziluaga editorearen irizpidearen arabera. «Nire lagunen eta editorearen kriterioarekin ados naiz. Aholku onak eman zizkidatela uste dut», onartu du.

Azkenean, emaitzarekin pozik gelditu da Leone. «Are gehiago, prozesu horri esker, orain liburuak hamar ipuin ditu eta ez hamaika. Niri zenbaki bakoitiak ez zaizkit gustatzen eta nahiko zenbaki kanonikoa atera da», azaldu du.

Frustrazioak, erabakiak eta damuak

Hamar ipuin horietan gai jakin batzuk jorratu ditu: frustrazioak, erabakiak (hartutakoak eta hartu gabeak) eta damuak. Ipuin batean baino gehiagotan errepikatzen dira. Giroari dagokionean, bi multzo handi daude: literatura eta harreman afektiboak. Dena den, banaketa hau ez da zurruna eta bi giroetatik ikus daiteke ipuin batzuetan.

Errelitatea deitzen den horretan kokatzen dira pertsonaiak, baina maiz horretatik ihes egiten saiatzen dira. Pop-aren bidez, literaturaren bidez, imaginazioaren bidez. «Saiatu bai, baina ez dute lortzen», aurreratu du Leonek. Errealitatea eta literatura uztartzen dituen ipuin batean, idazle batek liburuak idazten ditu baina beti plagioak ateratzen zaizkio. Erabakirik ez hartzeko erabakia hartzen du gizon batek beste ipuin batean eta ondorioz bizimodua beti hari finko baten arabera garatzen da.

Sergi Pamies ekarri du gogora, elkarrizketa batean ipuin bat idazteko hiru iturri nagusi behar direla aipatu zuenekoa: memoria, irudimena eta errealitatea. «Hori gustatzen zait. Nire kasuan memoriak ez du leku handirik, baina ipuinak sortzeko maiz niri gertatutako pasadizoak edo anekdotak erabili izan ditut. Hortik erabat fikziozkoa den zerbait egin dut», esan du.

Beraz, liburua ez da autobiografikoa idazlearen bizipenak baditu ere. «Ezagutzen nautenek pasarte edo egoera ezagunak ikusiko dituzte».

Pamies berriro gogora ekarriz, egindako lana aprobetxatu behar dela azaldu du Leonek. «Ipuin batean aita bat behar badut, ni aita naiz. Eta hortik abiatuta ipuinaren fikzioan sartzen gara», azaldu du.